Erandioko Udalak Ikerfel enpresari agindutako ikerketaren emaitzak mahai gainean jarriz, aparkatzeko toki berriak egin eta salgai jartzea
eskatu zion atzo tokiko erakundeari PPk. Gaurkoan, berriz, "urgentziaz" bozeramaileen batzordeko bilera deitzea galdegin dio Mikel Arieta-Araunabeña alkate jelkideari PSE-EEk, aparkaleku eskasiari konponbidea emateko. Berriro ere "larritzat" jo du egoera Juan Otermin tokiko sozialisten bozeramaileak: "galdeketak egiten diru publikoa gastatu beharrik ez dago, nahikoa da egunero Altzaga eta Astrabuduara joatea arazoaz jabetzeko", adierazi duenez. Oterminen hitzetan, "premiazkoa da hitzarmen handiak lortu eta gure esku dagoen guztia jartzea konponbidea bilatzeko. Hala ere, argi geratu da, gehiengo absolutua izan arren, arazoari irtenbidea aurkitzeko gaitasunik ez daukala EAJk". Aipatu bozeramaileen batzordeko bilera egitekotan, aparkalekuen gabeziari aurre egiteko plan berezia hitzartzea proposatuko die udal taldeei Erandioko PSE-EEk. Argazkian, Otermin, eskuinean, aurreko udal hauteskunde kanpainan, Leioan.