EHUko iturriek azaldu dutenez, tesiaren planteamendua berritzailea da, lohiak baso-lurzoruetan ongarri bezala erabiltzeko aukera aztertzeaz gain, metal astunen eta forma nitrogenatuen portaera aztertzen duelako. Azterketa horretarako esperimentuak lau urtez egin dira. Lortutako datuak aztertu ondoren, Egiartek ondorioztatu du ez dela batere komeni araztegiko lohien kantitate handia lurzoruei gehitzea, ez eta metal astunak legez onartutako mugen barruan daudenean ere. Lohietako konposatuek, oxidatzen hasten direnean, azidotu egiten dute, eta beharrezkoa da sistema alkalino bat azidotasuna murrizteko; baina lurzorua eta lohiak batzean sortzen den sistema alkalinoa ez da nahikoa azidotasun hori neutralizatzeko.
Aldiz, lohi kantitate txikiagoa -herena- aplikatzean, lurzoruaren azidotasuna eta metal astunen kopurua nabarmen murrizten da, eta sortzen den baso-biomasa kantitate handiak erabiliz sortutakoaren antzekoa da. Hala eta guztiz ere, Egiartek bere tesian azpimarratu du komeni dela aztertutakoa bezalako lur azidoetan ur-araztegietako beste lohi batzuk erabiltzea -azidoak neutralizatzeko ahalmen handiagoa dutenak eta zati organiko egonkorragoa dutenak-.