Osakidetzako lan deialdian "iruzurra" salatu dute Behatokiak eta UEMAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 8a, 21:18

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, Osakidetzako azkeneko lan-deialdian euskara "beste behin ere baztertua geratu" dela salatzeko. Paul Bilbao Behatokiko zuzendaria eta Jon Bollar zein Iñaki Arregi UEMAko lehendakaria eta teknikaria, hurrenez hurren, izan dira prentsaurrekoan. Bi erakundeek beren kezka agertu dute herritarrek osasungintzan jasaten dituzten hizkuntza eskubideen urraketen inguruan. Bilbaok adierazi duenez, "ez UEMAk ezta Behatokiak ere ez dugu inolako eskumenik osasungintzan, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze aldera. Hori EAEko administrazioari eta agintariei dagokie. Hortaz, hizkuntza-eskubideak bermatzeko abian jarri dituzten tresnak erabil ditzaten galdegiten diegu, urraketak geldiarazteko. Gogorarazi behar dugu 2002. urtean milaka lanpostu betetzeko deialdian bakar bati ere ez zitzaiola euskararen ezagutza eskatu, eta merezimenduaren balorazioa hutsaren hurrengoa izan zela", ekarri du gogora Bilbaok. Argazkian, Durangoko osasun etxea 2008ko Ezabaketa Astean / EHE.

"Ondoren euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretua etorri zen, eta 2005ean aipatu dekretuak aurreikusitako Euskara Plana. Horiek izan behar zuten hizkuntza-eskubideak bermatzeko tresnak", azpimarratu du Behatokiko zuzendariak.

Alabaina, joan den azaroaren 27an argitaratutako 6591/2008 Erabakiak Osakidetzako lan-eskaintza publikoa onetsi zuen. Horren arabera, 2.539 lanpostu aurreikusi ziren, eta horietatik 1.402 lekualdatze-lehiaketa bidez beteko dira lehenik. 1.402 lanpostu horietatik %23,10ek dute ezarrita euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun-data. Hala ere, %53ak derrigortasun-data 2009ko ekainetik aurrera du ezarrita. Hortaz, lanpostu horiek bete behar diren unean ez da derrigorrezkoa izango euskararen ezagutza egiaztatzea. "Horren ondorioz, aurreikuspenik makurrenean, 151 lanpostutan besterik ez dira langile elebidunak sartuko", esan du Paul Bilbaok.

Egoera hori izendatzeko modu bakarra dagoela ere esan du zuzendariak: "iIruzurra". Izan ere, 2008ko maiatzean, 30 lanposturi ekainaren 1ean ezarri zitzaien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko data, lanpostu horien esleipena maiatzaren 28an izango bazen ere. "Eta jakin badakigu behin lanpostua hartuta, berdin diola euskararen derrigorrezko ezagutza iraungita egotea", salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.

Behatokia juridikoki zein aukera daukan ere aztertzen ari da, "nahiz eta badakigun epaitegietan ekitea oso zaila dela. 2002ko enplegu publikorako eskaintzaren aurka helegiteak jarri genituen, eta auzitegiak aski garbi jakinarazi zigun legearen babespean kontratatu zirela berezko hizkuntza ezagutzen ez zuten hainbat eta hainbat langile. Are gehiago, berriki jaso ditugu aipatu helegiteen kostak. Izan ere, hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskaerak epaitegiratzea garestia da. Esanguratsua da, gainera, Osakidetzatik helarazitako ordainsarien minuta gaztelania hutsean egotea", adierazi du Bilbaok.

Udalerrietan

Jon Bollar Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak ere hartu du hitza Osakidetzako deialdiak udalerriei nola eragiten dien azaltzeko. Bere esanetan, "orain dela mende laurden pasatxo EAEko Estatutua onartu zenean, osasun zentroetan euskaldunok merezitako errespetua jasoko genuela uste genuenok blaustada berri bat jaso dugu hizkuntza eskubideen masailean. Izan ere, hogeita bost urte plan zehatzik gabe egon ostean, orain pare bat urte onartutako plan eskasa merkealdian jarri du Jaurlaritzako Osasun Sailak sindikatu korporatibista eta CCOOen txaloekin. Osasun zerbitzuak euskalduntzeko planean onartutako irizpideak atzera bota ditu Gabriel Inclanen sailak inongo arrazoirik eman gabe. Ondorioz udalerri euskaldunetan, lanpostu aldaketa ugari perfila betetzeko derrigortasun data gabe edo 2010eko abenduko datarekin atera dira. Badakigu horrek zer ekarriko duen udalerri euskaldunetan: erdaldun elebakarrak sartzea osasun zerbitzuetan".

"Eusko Legebiltzarrak, euskara Euskal Herriko nortasunaren erakusgarririk garrantzitsuena dela aldarrikatu badu, zergatik ez du benetako errespetua jasotzen Eusko Jaurlaritzaren erabakietan? Eta euskaraz jarduteko eskubidea badugu, zergatik ez dira eskubide gauzatzeko baliabideak ezartzen? Eta hizkuntzazko bereizkeria debekatuta badago, zergatik jasaten dugu bereizkeria euskaraz jardun nahi eta ezin dugunok?", galdetu du UEMAko lehendakariak.

Egoera honen ondorioz, Bollarren aburuz, "osagilearengana goazen bakoitzean, gure herrian bertan atzerritar sentitzen jarraitu beharko dugu; euskaraz bizi nahiaren lotsa sentiaraziko digute euskaraz jardun eta osasun-zentroko langileek euskaraz jarduten ez badute; eta euskaldunon ametsak zapuztuak geratuko dira berriro ere, irrikaz itxaroten ditugun aldaketak ez direlako heltzen eta onartuak ditugun eskubideak ez direlako benetan errespetatzen".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun