Bitartean, Askapenak biharko deitu du manifestazioa Iruñean. Atzo eman zuten deialdiaren berri, erakunde internazionalistaren bertoko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Agerraldian, Askapenako kideez gain, beste hainbat lagun izan ziren, hala nola, Igor Arroyo (LAB sindikatua), Jose Mari Espartza (Txalaparta argitaletxea), Aitziber Sarasola eta Nestor Esteban (euskaltzaleak), baita Arbizu, Zizur Nagusia eta Tafallako hautetsi independentistak ere. Hartara, heldu den larunbatean, urtarrilak 10, 17:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da manifestazioa, "Palestina askatu, Israeli boikot!" lelopean. Horrez gain, euskal herritar guztiei dei egin die Askapenak, Palestinarekin elkartasunez eta Israel aktiboki salatzeko deitzen diren mobilizazio guztietan parte har dezaten. Gaur bertan Oreretan eta Nafarroako parlamentuan, larunbatean Baionan eta Donostian, eta igandean Arbizun izango dira mobilizazioak.
Boikoterako deia
Askapenak egin bezala, ugarituz doaz Euskal Herrian, Israeli boikota egiteko deia luzatzen dabiltzan erakundeak. Iratzarri Aralar alderdiaren gazte erakundeak ere Palestinako herritar guztiei eta, bereziki, Gazan bizi diren lagunei elkartasuna adierazi die. Horrekin batera, Israelgo Estatua egiten ari den genozidioa salatu nahi du, eta "euskal erakundeei zein Europar Batasunari harreman komertzial guztiak apur ditzatela" exijitu diete. Iratzarrik "ezinbestekotzat" jotzen du herritarren inplikazioa "Israelgo Estatu sionista geldiarazteko". Zentzu honetan, Aralarreko gazteek bat egin dute Israelen aurkako boikotarekin eta deia luzatu diote euskal gazteriari 729 zenbakiez hasten den barra kodea dituzten produktuak ez erosteko.
Segi gazte erakunde iraultzaileak, berriz, euskal gazteriari dei egin dio, Azken egunotan Palestinako lurralde okupatuan ematen ari diren genozidio sionistari" erantzutera. "Egun palestinar herriak bizi duen egoera larriaren aurrean nazioarteko presio eta elkartasuna ezinbestekoa da. Zentzu honetan, herri eta gazte gisa, gure ardura da 200 eragile palestinarrek nazioarteari egindako Israeli boikota egiteko deia jaso eta erantzutea. Israelekin kolaboratzen duten erantzuleen aurka erasotzea", adierazi dutenez.
Bitartean, Koska irratiak entzungai jarri du, Palestinako herriak jasaten ari den genozidio salatzeko, urtarrilaren 2an Bilbon egindako manifestazioren amaieran irakurritako komunikatua eta olerkia. Irakurleak hemen dauka eskura.
Euskal Herriko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformak zabaldutako oharra:
Palestina askatu! Gaza askatu!
60 urte baino gehiago okupazioaren menpe dirauen Herri Palestinarra, sionisten basakeria eta zigorgabetasuna jasaten ari da berriro ere.
Israelgo estatua berriro erasotzen ari da herri palestinarra, kasu honetan, Gazako biztanleria erailez eta sekulako triskantza eraginez: 700 hildako baino gehiago eta milaka zauritu. Honako eraso hau, azken 40 urteotako basatiena da, baina Gaza, eta herri Palestinarrak, 60 urte baino gehiago daramatzate okupazioa eta sionisten basakeria sufritzen.
Palestinarekin elkartasunerako euskal plataforma honetatik honakoa adierazi nahi dugu:
- Gure elkartasun bizia adierazi nahi diogu Herri Palestinarrari
- Era berean indarrez salatzen dugu Israelgo estatu genozida.
- Onartzen dugu herriaren erabakia Hamas legezko ordezkari hautatzeko orduan.
- Israelen okupazio eta basakeri etengabeen aurrean Herri Palestinarrak bere defentsarako duen eskubidea aintzat hartzen dugu.
Gaur eta inoiz baino gehiago Euskal Herritik gure adorea eta sostengua adierazi nahi diogu Herri Palestinarrari, eta bere borrokan bakarrik ez daudela gogorarazi nahi diegu.
Halaber, salatu nahi ditugu nazioarteko instituzio eta gobernuen pasibotasuna eta konplizitatea, ostera ere genozidio honen konplize koldarrak bihurtu dira. Hemendik, sarraski hau gelditzeko behar diren neurriak har ditzaten exijitzen diegu eta era berean, onar dezatela Israelen basakerien aurka herri palestinarrak duen defenditzeko eskubidearen zilegitasuna.
Gobernu eta instituzioen isiltasunak erailketak eta sarraskia bermatzen duen bitartean, gizarte hau isilik geldituko ez dela erakusten ari da. Horregatik, plataforma honetatik animatu nahi zaituztegu Palestinarekin elkartasun ekintza guztietan parte har dezazuen, eta Israeli boikota egitera dei egiten dugu. Estatu ilegal eta genozida honen zigorgabetasunarekin amaitzeko ordua da, Israelgo estatuaren adiera guztiei boikot egitera dei egiten dugu.
Guzti honengatik, Palestinarekin elkartasunerako euskal plataforma hau osatzen dugun taldeek kalera ateratzeko dei egiten dugu. Datorren Igandean, urtarrilaren 11, eguerdiko 12:00etan Arriaga Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu.
Euskal Herriko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataforma