Lertutxe urtegian arrain hiruarantza suspertzeko, 2009an zehar beharrezko azterketa lanak egitea proposatuko dio
Bizkaiko Foru Aldundiari eta
Leioako Udalari Alderdi Popularrak. Leioa eta Erandioko campusetik hurbil dago zingira, bertoko lorategi botanikotik hurbil. Arturo Aldecoa Batzar Nagusietako popularren ahaldunak azaldu duenez, "arrain hiruarantzaren arrain ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen Castaños eta Gobela ibaietan, eta ia bat ere ez Asuan eta Udondon. Bestalde, hainbat argitalpenetan, Lertutxen egon badagoela diote adituek". Hori dela eta, Leioako urtegi horretan arrain hiruarantza suspertzeko garaia dela uste du PPk. Espeziea babesteko, 2008ko abenduaren 9an onartu zuen kudeaketa plana Aldundiak. Hori garatzeko tresna egokia iritzi diote oraingo proposamena popularrek, arrain hiruarantza desagertzeko arriskuan baitago. Argazkian, Lertutxe urtegiaren alboan dago Bizitzaren Basoa, zientziari euren gorputza eman ziotenen omenezko monumentua.