Espainako Gorbernuak hainbat herri lan finantzatuko ditu Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 9a, 22:24

Besteak beste, Areetako kaia eta Galeako pasealekua guztiz zaharberritu eta Aiboan zein Villamonte plazan igogailuak jarri nahi ditu Getxoko Udalak, Espainiako Gobernuari eskatuko dion diru laguntzaren bitartez. Izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 14.468.083 euro egokitu zaizkio udalerriari. Aipatu egitasmoak eta beste hainbat, ohiz kanpo, goizean bildu den Gobernu Batzordeak onartu duen lehen inbertsio multzo bateko zatia dira, horien zenbatekoa 11,5 milioi eurokoa dela. Imanol Landa alkateak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez, aipatu subentzioak eskatzeko ezarri duten epea laburra denez -urtarrilaren 24a da azken eguna-, proiektuetatik batzuk hautatu behar izan ditu Gobernu Taldeak. Oposizioko taldeek egindako hainbat proposamen ere badaude horien artean. Datorren astean bigarren proiektu multzo bat onartuko dute, geratzen diren 3 milioi euroak eskuratzeko. Landak nabarmendu duenez, “epeak laburrak badira ere, Legegintzaldirako Plana aldez aurretik finkatuta genuenez, lantzen ari garen proiektuak garatu eta azkentzeko, Funtsak emango digun diru laguntza honen azken euroa ere aprobetxatu ahal izango dugu”. Orotara, 205 lagunentzako lana ekarriko dute lehenengo proiektu horiek, alkateak zehaztu duenez. Argazkian, Imanol Landa alkateak eta Aitor Soloeta Ogasun eta Ekonomia Sustapen zinegotzia, artxiboko irudi batean.

Areetako moilaren urbanitzatze eta zaharberritze lanak La Bola hondartzatik Txurrukara arteko zatian egingo dituzte. Galeako pasealekua, berriz, Bosgarrena kalea, Aixerrotako errota eta Arrigunagako hondartzaren arteko tartean konponduko dute. Bestalde, Aiboan arrapala gaineko igogailua (Ereagan dagoenaren antzekoa) jarriko dute metro geltokira errazago iritsi ahal izateko. Eta Villamonteko plazan beste bi igogailu ipiniko dituzte Algortako Telletxe plazara heltzeko -bertan dago metro geltokia- dauden bi mailak gainditu ahal izateko. Horrez gain, Funtsak emandako subentzioari esker, zenbait parke zaharberritu eta txukunduko dituzte oso osorik, Gobelaurrekoa kasu, baita Itzubaltzeta / Romo erdiguneko kale batzuk (Aurrezki Kutxa, Ezequiel Aguirre, Kalamua eta Echagüe Jenerala), Algortako Jaime Morera, Alangoeta eta San Martin eta Getxoko Unbe eta Orduña Mendatea kaleak ere.

Azkenik, kirol azpiegitura batzuk hobetzeko lanak egingo dira, berbarako Bolueko futbol zelaietan eta Arrigunaga eta Areetako skate pistetan, eta Torrene kaleko lokala egokituko da erabilera anitzeko gunea egiteko. Landaren hitzetan, proiektu horiek garatzeak “Getxok azken hamarkadetan bizi izandakoa baino eraldatze askoz handiagoa ekarriko du”. Espainiako Gobernuak ezarritako epeak betez gero, proiektu guztiak urte eta erdi barrurako egon beharko lukete amaituta, hor nonbait.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun