D3Mk gutxienez 17.700 sinadura beharko ditu hautagaitza aurkezteko: 9.500 Bizkaian, 5.700 Gipuzkoan eta 2.500 Araban. Era berean, beharrezko dokumentuak eskatu ditu dagoeneko hauteskunde batzordeetan. Sustatzaileek hautagaien zerrenda urtarrilaren 21 eta 26 bitartean aurkeztu beharko dute. Ezker abertzaleko kide ezagunak egon dira agerraldian: Itziar Aizpurua, Julen Aginako, Amparo Lasheras, Itziar Lopategi, Unai Urruzuno, Idoia Ibero, Miren Legorburu eta Juan Manuel Erasun. Haiekin, Gabi Basañez -Askapeneko kidea-, Haizea Ziluaga -abokatua-, Txerra Bolinaza -musikaria-, Ane Muguruza -Josu Muguruzaren zenaren alaba-, Andoni Txasko -1976ko martxoaren 3ko biktima-, Patxi Marta eta Jesus Valencia ere izan dira.
Erreakzioak
Dagoeneko hainbat alderdik adierazpenak egin dituzte gaur eguerdian aurkeztu duten Demokrazia Hiru Milioi (D3M) plataformaren inguruan. EAk D3M hauteskundeetan egon dadila gura du, "eta egongo dela espero dugu", Unai Ziarreta sozialdemokraten presidenteak adierazi duenez. Bere hitzetan, "herri honen ordezkaritza garrantzitsua osatzen du ezker abertzaleak, eta bozetan egoteko eskubide osoa dauka. Herritarrek babestuko edo baztertuko dute haren planteamendua. Ezin dira ideiak legez kanpo utzi". Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzailearen ustez, "Zapateroren interes alderdikoien arabera egongo da edo ez D3M martxoko hauteskundeetan". Eurak Espainiako Alderdien Legearen aurka "beti" egon direla gaineratu du. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea ere Zapaterorengan jarri du erantzukizuna. Hala ere, "ez liokeela D3Mri aurkezten utzi beharko" uste dute popularrek. Basagoitiren arabera, "orain frogatuko da nolakoa den Zapateroren politika antiterrorista".
Ikusi D3Mren aurkezpenaren bideoa hemen.
Uribe Kostan non sinatu:
Gainontzeko udalerrien berri izan artean, ondoko tokietan eman daiteke sinadura Uribe Kosta eskualdean, astelehenean hasi eta urtarrilaren 24ra bitartean.
Algorta
Notaritza (Urgull kalea, 1-behea)
Astelehen, astearte, ostegun eta ostirala, 10:00etatik 14:00etara.
Areeta
Notaritza (Kale Nagusia, 10-2)
Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
Astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 19etara.
Notaritza (Eskoletako plaza)
Urtarrilak 14 eta 21, 10:00etatik 14:00etara.
Urtarrilak 13, 15, 19 eta 21, 17:00etatik 18:30era.
Neguri
Udaletxea (Foru kalea)
Larunbatetan, goizez.
Sopela
Udaletxea.
Astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 15:00etara.
Astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
Larunbatetan ere bai.