Palestinaren alde bihar Bilboko kaleak hartzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 10a, 19:27

"Gobernu eta instituzioen isiltasunak erailketak eta sarraskia bermatzen duen bitartean", jendartea isilik geldituko ez dela erakusten ari dela nabarmendu du, gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan, Euskal Herriko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformak. Hori dela eta, Palestinarekiko elkartasun ekintza guztietan parte hartu eta Israeli boikota egitera dei egin diete herritarrei. "Estatu ilegal eta genozida honen inpunitatearekin amaitzeko ordua da, Israelgo estatuaren adiera guztiei boikot egitera dei egiten dugu", adierazi dutenez. Gauzak horrela, Palestinarekin elkartasunerako euskal plataforma hau osatzen duten taldeek kalera ateratzeko deia luzatu dute biharko, igandea. Eguerdiko 12etan abiatuko da manifestazioa Arriaga plazatik. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa.

Euskal Herriko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformak nabarmendu duenez, honako eraso hau, azken 40 urteotako basatiena den arren, Gaza eta herri palestinarrak 60 urte baino gehiago daramatzate okupazioa eta sionisten basakeria sufritzen. Oraingo honetan, "Israelgo estatua berriro erasotzen ari da herri palestinarra, kasu honetan, Gazako biztanleria erailez eta sekulako triskantza eraginez: 700 hildako baino gehiago eta milaka zauritu", salatu dutenez. Horregatik, Palestinarekin elkartasunerako euskal plataformak "elkartasun bizia" adierazi dio herri palestinarrari. Era berean "indarrez" salatu du "Israelgo estatu genozida". "Onartzen dugu herriaren erabakia Hamas legezko ordezkari hautatzeko orduan", gaineratu dutenez. Horretaz gain, "Israelen okupazio eta basakeri etengabeen aurrean herri palestinarrak bere defentsarako duen eskubidea" aintzat hartu dute.

Pasibotasuna eta konplizitatea

Halaber, nazioarteko instituzio eta gobernuen "pasibotasuna eta konplizitatea" salatu dituzte. Euskal Herriko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformako kideen hitzetan, "ostera ere genozidio honen konplize koldarrak bihurtu dira". Hori dela eta, sarraskia gelditzeko behar diren neurriak har ditzaten exijitu diete eta era berean, "onar dezatela Israelen basakerien aurka herri palestinarrak duen defenditzeko eskubidearen zilegitasuna". "Gaur eta inoiz baino gehiago Euskal Herritik gure adorea eta sostengua adierazi nahi diogu Herri Palestinarrari, eta bere borrokan bakarrik ez daudela gogorarazi nahi diegu", aipatu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun