AHTren aurkako nazio manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 10a, 20:11

Datorren larunbatean, urtarrilak 17, nazio manifestazioa izango da Urbinan (Araba), eguerdiko 12etatik aurrera, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta. Arratsalderako, berriz, jaialdia antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanarekin batera MusikHerriak, Gasteizko Alde Zaharrean. Gauzak horrela, Itzubaltzeta / Romoko Segik jakinarazi duenez, Ezker Abertzalearen eta Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren elkarlanari esker, autobusa antolatu dute protestara joateko. Goizeko 9:30ean abiatuko da Sabeco paretik. Autobusean tokia hartzeko, Branka herriko tabernan edo gaztetxean dauden zerrendetan izena eman beharra dago, 3 euro ordainduta. Segik adierazi duenez, "gazteok zeresan handia dugulako, Itzubaltzeta / Romoko gazteriari, eta euskal gazte guztiei dei egiten diegu, Urbinan izango den mobilizazioan parte hartzeko. Orain da momentua txikizio basati hau salatzeko, guztion artean geldi dezakegu". Argazkian, AHTren aurkako ekintza Urbinan / Indymedia Bartzelona.

Azken aste hauetan, AHT Gelditu! Elkarlanak hainbat mobilizazio deitu egin ditu, amaiera moduan urtarrilaren 17ko manifestazioa edukiko dutelarik, Urbinako herrian, eguerdiko 12etan. Deialdi horiek gorpuzteko eta sendotzeko, hainbat talde, sindikatu eta alderdirekin harremanetan jarri dira; horietako bat MusikHerria herri diskoetxea izan da. Egun horretan, urtarrilaren 17an, MusikHerriak bere ekarpena egin nahi izan du eta AHT Gelditu! Elkarlanarekin batera jaialdi bat antolatu egin du Gasteizko Alde Zaharrean. Jaialdi horren goiburuak dioen bezala (“Musika askeaz... AHT gelditu!”), "herritik eta herriarentzat sortutako musika baliatu nahi dugu proiektu txikitzaile honen aurkako izaera herrikoia azpimarratzeko", adierazi dutenez. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideen hitzetan, herritarrak dira "aktibo nagusiena" borroka honetan, "ekimen eta mobilizazio ezberdinekin AHTren aurkako borroka sendotzen ari garenak eta egunen batean azpiegitura hau geldituko dugunak".

Norabide horretan, MusikHerria bere lan esparrutik eta eragin gunetik bere lan xumea egiten ari da, musika herrikoi eta ez-komertziala garatuz, herritik eta herriarentzat garatutako proiektu gisa. Horregatik guztiagatik, datorren larunbatean Gasteizko Alde Zaharra musikaz hornitu nahi dute, "musika askeaz AHT gelditzeko". Gainera, MusikBerbena taldeak "AHTrik ez" abestia konposatu du jaialdirako. Ekimenarekin musika talde ugarik bat egin dute, Uribe Kosta eskualdeko All Jazz Era, Kloratita, Kuenta atras eta Sysmo daudela.

Egitaraua:

Auzolan frontoian

15:30ean, herri bazkaria eta Jonu kantautorea.

Landatxon

17:30etik aurrera:
- Hesian
- Banda Batxoki
- El Trono de Judas
- MusikBerbena
- Xopapo (azken kontzertua) + Rufo (Mossin Nagant) + Mikel (Gartzen) + Garargardo Gurako haize sekzioa + Batista (JoDT) + Txasko eta Ibai (Ankerrak) + Raimundo (Reverendo Parker) + Jonu kantautorea + Gasteizko txalapartariak

Gaztetxean

18:00etatik aurrera:
- The Dogs of the Black Foot
- From Lost to the River
- Boneman
- Ain_1

0:00etatik aurrera:
- Aritz Sound System
- Karrocerias Betoño
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun