Medikuntza-mikologiak onddoen eta gizakiaren arteko elkarrekintza ikertzen du. Guillermo Quindosek zuzentzen duen EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko Medikuntza-Mikologiako ikerketa-taldeak onddoek eragindako infekzio larriak ikertzen ditu, kandidiasi eta aspergilosi inbaditzaileak, esaterako. Ospitaleetan dauden gaixoetan, kontaktuaren eta medikuntza-materialaren bidez gerta daitezke onddo-infekzioak —kateterren, orratzen eta abarren bidez—, edo onddoak aireztatze-hodietatik hedatuta —Aspergillus-aren kasuan, adibidez—.
Onddoen biofilmak
Mikroorganismoak hainbat gainazaletan populazioak osatuz bizi dira. Populazio-mota horiei biofilm deritze. Ikerketa-talde honen helburu nagusia da biofilmak ikertzea, medikuntzan zenbateko garrantzia duten aztertzea eta horiek suntsitzeko bideak aurkitzea. Biofilmak medikuntza-tresnerian itsasten dira, protesi eta kateterretan, adibidez. Horregatik, Candida onddoaren biofilmak zenbait materialetara nola itsasten diren ere ikertzen dute.
Biofilmak mikroorganismo-taldeak dira, eta batzuk, onddoez osatuta daude. Irudi argi bat izateko, kupula batek estaltzen duen hiri bat irudikatu behar da: onddoak hiriko biztanleak lirateke, makromolekula jakin batzuek —karbohidratoak, proteinak, etab.— kupula osatuko lukete, eta horien artean geratzen diren bide edo hutsuneek errepide-funtzioa lukete —hortik igarotzen dira fluido desberdinak—. Hiri horietan, onddoak bakarrik, onddoak eta bakterioak —oso ohikoak dira ahoan— edo hainbat onddo-espezie bizi daitezke (azken kasu hori oso gutxitan gertatzen da).
Biofilmak ikertzean ikusi dute onddoz eta bakterioz osatutako biofilmetan bi mikroorganismoek elkarri laguntzeko joera dutela. Zenbait motatako biofilmal farmakoen bidez tratatu dituzte, eta onddo-espezie bakarrez osatuta daudenean farmakoa eraginkorragoa dela ikusi dute. Baina onddoak bakterioa lagun duenean, farmakoa ez da horren eraginkorra. Une honetan ez dago argi onddoaren eta bakterioaren elkarrekintzaren ondorioz hesiren bat sortzen den, prozesu horretan laguntzen duen substantziarik badagoen edo farmakoek eraginkortasuna galtzea eragiten duen egoerarik izaten den.
Onddoen kontrako farmakoak
Biofilmak suntsitzeko farmako egokienak ere ikertzen ditu medikuntza-mikologiako taldeak. Horretarako, mila onddo inguruko bilduma batean hainbat onddoren kontrako farmakoak probatzen dituzte. Alde batetik, likido-esekiduran dauden onddo isolatuetan aplikatzen dituzte —era klasikoan—, eta, bestetik, biofilmetan. Ikerketan ikusi dute ekinokandina familiako farmakoak (anidulafungina, kaspofungina eta mikafungina) direla eraginkorrenak biofilmei eraso egiteko. Bestalde, ikusi dutenez, azolen familiako farmakoak (borikonazola, esaterako) ez dira oso eraginkorrak biofilmak suntsitzeko, ez baitute osatuta dagoen biofilmean eraginik; aitzitik, eraginkorrak dira prebentzio-tratamenduetan.
Hala eta guztiz ere, gaixoaren egoeraren araberakoa da kasu bakoitzean erabili beharreko farmakoa. Ikerketa honekin, bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertu ahal izateko nahikoa datu eta kasu bakoitzean onddoen kontrako botika egokiena aukeratzeko erremintak jarri nahi dizkiete eskura medikuntzako profesionalei.