Egutegiak modu grafikoan eta kolore bidez erakusten ditu hauteskundeetako pauso nagusiak, data eta epe eta guzti. Informazio horrek martxoaren 1ean EAEko 760 hauteslekuetan izango diren 2.700 hautestontzietan botoa emango duten euskal hautesleei dagokie, baita udalei, Eusko Jaurlaritzari, hauteskunde administrazioari, epaitegiei, alderdi politikoei eta Espainiako Hauteskunde Erroldako Bulegoari ere. Hautesleek errolda eskura izango dute urtarrilaren 12tik 19ra bitartean (biak barne) udaletxe eta kontsulatuetan. Epe berean, hautesleek erroldan sartzeko edo bertatik kentzeko erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Probintzia Ordezkaritzan. Horrek hiru egun izango ditu erreklamazioa ebazteko eta bat gehiago eskaera aurkeztu duen pertsonari, udaletxeei eta kontsulatuei horren berri emateko. Zuzenketak urtarrilaren 23an jarriko dituzte jendaurrean.
Urtarrilaren 12an argitaratuko dira Lurralde Historikoen Aldizkari Ofizialetan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izango diren hauteskunde mahai eta hauteslekuen kopurua eta kokapena. Urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra bitartean udalek mahai bakoitzeko kideak hautatzeko zozketak egin beharko dituzte. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek gehienez ere hiru egun izango dituzte zozketa horren berri jakinarazteko aukeratutako hautesleei udalen bidez. Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hautesleak zazpi egun izango ditu Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean izendapena ez onartzeko arrazoiak aurkezteko eta horrek bost eguneko epea izango du ebazpena emateko. Halaber, beste epe bat izango da (otsailaren 20tik 28ra) mahaiko kideek martxoaren 1ean eginbehar hori bete ezin badute horren zergatia (bidezko arrazoia) batzordeari jakinarazteko.
Hautagai-zerrendak
Hautagai-zerrendak urtarrilaren 21etik 26ra bitartean (biak barne) aurkeztu ahal izango dira Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean. Urtarrilaren 28an, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dira aurkeztutako hautagaitzak. Otsailaren 2an, beharrezko zuzenketak egin eta gero, aldarrikatu egingo dituzte eta biharamunean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dituzte berriro. Berrikuntza gisa, eta Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legea betez, zerrendako hautagaien %50ek emakumezkoak izan behar dute hautagaitza balioztatzeko.
Hauteskunde-kanpaina otsailaren 13an hasiko da, 00:00etan, eta hil bereko 27an bukatuko da, 24:00etan. Otsailaren 24tik martxoaren 1era debekatuta egongo da hauteskundeen inguruko inkestarik kaleratzea. Hauteskunde egunaren ostean, alderdiek kanpainan zehar kaleetan jarritako propaganda kendu egin beharko dute.
Posta bidezko botoa eta zenbaketa
Botoa posta bidez emateko, hautesleak berak aurkeztu beharko du eskaera Posta-bulegoetan urtarrilaren 6tik otsailaren 19ra bitartean (biak barne). Komeni da eginbehar hori azken ordurako ez uztea. Hauteskunde Erroldaren Bulegoko Ordezkaritzak posta ziurtatu bidez bidaliko du eskaria egin duen pertsonak agindutako helbidera botoa emateko beharrezko dokumentazio guztia. Aurreko hauteskunde autonomikoetan, 2005ean egin zirenetan, guztira 47.291 hauteslek eman zuten botoa posta bidez; 5.983k Araban, 27.863k Bizkaian eta 13.445ek Gipuzkoan.
Lurralde Historiko bakoitzeko hauteskunde batzordeak botoa eman eta bost egunera (martxoaren 6an) hasiko du hauteskunde emaitzen zenbaketa, eta lau egun izango ditu horretarako. Beraz, botoak zenbatzen bukatzeko azken eguna martxoaren 10a izango da. Hauteskunde batzordeek martxoaren 12tik aurrera egingo dute aukeratutako hautagaien aldarrikapena.