Larunbatean egindako ekitaldien protagonista nagusia "berriro ere jende eskasia" izan zela kritikatu du, bere bitakoran, Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimenak. "Auzotar gehienak araztegiaren aurka daude, baina hori ez da nahikoa. Herritarrek babes argia erakutsi behar diete aldarrikapenei, borroka honek bere helburua lortzeko", plataformako kideek adierazi dutenez. Hurbildu ziren guztiei eta, bereziki, Udondo gaztetxeko neska-mutilei esker ona agertu die herri ekimenak. Hainbat ordutako lanaren ostean, eguneko giro hotza epeldu zuten gazteek, Delta lantegia zenaren hormetako batean egindako graffitiaren bitartez. Bihar bertan ohiko bilera egingo du taldeak, 20:00etatik aurrera, Gabriel Aresti kaleko 3. zenbakian dagoen Lamiakoko kultur zentroan, San Maximo elizaren atzealdean. Argazkian, gazteek egindako graffitia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!