Leioako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren
Etxebizitza Sailak sinatutako hitzarmenaren arabera, babes ofizialeko 405 etxebizitza eraikiko dituzte Leioandi eremuan; horietako 101 alokatzekoak. Horretaz gain, salmenta libreko 218 pisu altxatzen utziko diete sustatzaile pribatuei. Hirigintza eta eraikuntza lanak aldi berean hasiko dira, "epeak murrizteko", adierazi dutenez. Urtearen bukaeran ekingo diete obrei eta 36 hilabetez luzatuko dira. Horretaz gain, udaletxetik Sarriena auzoan dagoen Irlandesas ikastetxeraino, gutxi gora behera, etorbide berria egingo dute. Aipatu lanok Leioako metro geltokitik EHUra arteko tranbiaren trazaduraren lehenengo faseari dagozkie. 650 metro luzerako tartea hartuko du garraiorako kanalak eta, Irlandesasetik campuserako zatia bigarren faserako utziko dute. Hain zuzen ere, etxebizitza babestuak hartuko dituzten lursailen aurrealdetik igaroko da tranbia eta bidegorria ere jarriko dute. Etxebizitza Sailak 58,3 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu operazioan. Argazkian, atzo eguerdian sinatu zuten hitzarmena Eneko Arruebarrena Leioako alkateak eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak.