Familia ugariak eta merkatari txikiak baliatuko lirateke salbuespen eta hobariez, popularren arabera. Hala ere, azken horiek izango lituzkete beherapen nabarmenenak. Getxoko PPk egindako proposamenari begiratuta, eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergan %95 murrizketa izango lukete merkatariek. Baita zarama eta estolderia tasetan erabateko salbuespena ere. Bitartean, merkatari berrien kasuan, irekitzeko eta jarduteko lizentziak emateagatiko tasak, saltokia zabaldu eta lehenengo bi urteetan ez kobratzea proposatzen dute tokiko popularrek. Familia ugarientzat, berriz, estolderia, zarama, administrazio agirien egiteko edota musika eskolan eta Hezkuntza Berezia zerbitzuetan izen-emateko tasak %50 jaistea eskatu du Getxoko PPk.
Plan berezia
Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailearen arabera, "krisialdiari aurre egiteko plan berezia behar du udalerriak". Aipatu egitasmoa, "herstura ekonomikoa, txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna sustatzea; eta tasak eta zergak jaistea" izango lituzke ardatzak. Hain zuzen ere, azken hori eztabaidatzeko, urtarrilaren 8an eskatu zuten ez ohiko osoko bilkura egiteko eskaera, udal erregistroan. Egun horretatik aurrera, data jartzeko 15 egun dauzka Imanol Landa alkateak; eta epe horretan deitzen ez badu, hamabostaldi hori amaitu eta hamar egunera egingo da udal batzarra. Dena dela, Getxoko PPk baino ordu bete beranduago prentsaurrekoa ere eman duen Iñaki Urkiza Ezker Batuko tokiko bozeramailearen arabera, "zergen kasuan, nahiz eta popularrek proposatutakoa onartu, ez lirateke 2010eko urtarrilera arte indarrean sartuko. Tasen kasuan bai, berehala egongo lirateke indarrean".