Errepresaliatuen aldeko omenaldi, kontzertu eta mobilizazioak izango dira asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 16a, 17:18

Gaur bete dira 3 urte Aitor Elortza Unanue iheslari politiko algortarra Baionan hil zela, 25 urte ihesean eman ondoren. Hori dela eta, iluntzean omenaldia egingo diote, 20:00etatik aurrera, Telletxe plazan. Bitartean, Leioan, manifestazioa abiatuko da ordu horretan Boulevardetik, Espainiako Auzitegi Nazionalean Pagoa Zulueta leioaztarrari eta beste 11 euskal herritarrei egiten ari zaizkien epaiketa salatzeko. Larunbaterako, berriz, Itzubaltzeta / Romoko Kaskabilo konpartsak Getxoko bi presoren senideen aldeko jaialdia antolatu du Itzubaltzeta gaztetxean. Arratsaldeko 8etatik aurrera, Okupando Rom@k bere azken kontzertua eskainiko du, gonbidatuez inguratuta. Zortzikoteari bere azken agurra ematen laguntzeko bertan izango dira Puñalada Trapera, Kinkinela, Materia Gris, Izenik Ez, Atadxs a Nada, Amargor eta Ovariosvarios taldeetako kideak. Sarrera hiru eurokoa izango da eta gaztetxearen atean bertan erosi ahal izango da kontzertua hasterakoan. Azkenik, igandean, ekitaldi politikoa izango da, Astrabuduako Josu Murueta plazan, 13:00etatik aurrera, Jon Bilbao Moro preso politikoaren askatasuna aldarrikatzeko. Asuako lagunak atzo bete zituen 27 urte preso. Hala ere, zorigaiztoko urteurrenen artean, ezin ahaztu, asteazkenean bete zirela 31 urte David Alvarez Peña hil zenetik. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxeko biharko elkartasun gauerako kartela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun