Urtarrilean emango zaizkie giltzak Sopelako 46 BOEn jabeei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 14a, 18:44

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Sopelan eraikitako babespeko 46 etxebizitzen giltzak banatuko dizkie euren jabeei, urtarrilaren amaieran. Izan ere, ondorengo bederatzi egunetan egingo dituzte horien eskriturak. Lizarre kaleko 22. zenbakian eta Bidebitarte kaleko 1 zenbakian kokatuta daude, metroa geltokiaren aurrean. Guztiak Vias y Construcciones enpresak egin ditu, eta Visesa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko sozietate publikoak sustatu ditu. Etxebizitzon eraikuntzak eskatu duen inbertsioa 3.894.229 eurokoa izan da guztira, eta bakoitzak 80.311 eta 129.680 euro bitarteko prezioa izango du, garajea eta trastelekua barne. Aipatu 46 BOEen zozketa 2005eko urriaren 17an egin zuten, Urko kiroldegian, Zaldu sektoreko babespeko beste 29 etxerekin batera, bertoko gazte asanbladaren protesten artean. Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburua gaur etxebizitzak inauguratzen.

Etxebizitzen azalera 46,49 eta 82,72 metro koadro bitartekoa da (etxebizitza egokituena, berriz, 89,9 metro koadro), eta honako hauek dituzte: bi edo hiru logela, sukaldea (altzariekin eta etxetresna elektrikoekin), elementu erantsiak (garajea eta trastelekua) eta zortzi lagunentzako edukiera duen eta garajeraino egokituta dagoen igogailua. Bi etxebizitza mugimendu-ezintasuna duten pertsonentzat egokituta daude. Etxeak inauguratzeko gaurko ekitaldian, Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak zehaztu duenez, sustapenak "CADEM erakundearen energia-eraginkortasunaren ziurtagiria du, A kalifikazioarekin". Hortaz, proiektu baliokide konbentzional batekin alderatuta eraikinak batez beste %53,7ko energia-aurrezpena eskaintzen duela kalkulatzen da", gaineratu du. Halaber, gas naturaleko galdara zentralizatua dute, egongelan programatzen den giro-termostatoarekin.

Hurrengo BOEak

Imanol Garai Sopelako alkateak, berriz, gisa horretako ekimenen garrantzia azpimarratu du. Hurrengo sustapenetarako Etxebizitza Sailarekin hitzarmena sinatzea aztertzen ari dira. Izan ere, “400 pertsonatik gorako eskaera dago eta gaur abian jarri ditugun etxebizitzekin eta etorkizunean jarriko ditugunekin horiek asetzen saiatuko gara”, udal agintariak aipatu duenez. Gertuago daudenen promozioen artean, Bareñon babespeko 70 etxebizitza eta Asun beste 78 egiteko asmoa daukate, Loiola Ander Deuna errepidearen bi aldeetan. Dagoeneko gune horietan urbanizazio lanak egiten dabiltza, onartutako zatikako bi planei esker. Bitartean, Larrabasterra eta Berango arteko Loiola gunean babes ofizialeko 35 etxebizitza egitea aurreikusita dago. Eta mota horretako beste 540 etxe Abaron.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun