Pedro Salinas poetaren narratiba aldarrikatu du EHUko tesi batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 14a, 19:06

Natalia Vara Ferrero EHUko doktore berriak Pedro Salinas 27ko Belaunaldiko idazle espainolaren lana ikertu eta haren narratibaren garrantzia aldarrikatu egin du bere doktore-tesian. Salinas poesia-lanengatik da bereziki ezaguna. Baina haren lana aztertu ondoren aurkeztutako tesiak baztertu egin du Salinasentzat narratiba bigarren mailako lana izan zela zabalduta zegoen hipotesia. Pedro Salinasek hainbat genero landu zituen, besteak beste, antzerkia, literatura-kritika eta poesia. EHUn aurkeztutako tesiak Salinasen lan guztiak aztertu ditu autorearen lan narratibo osoa ikertu ahal izateko. Vara Ferrerok, "La narrativa de Pedro Salinas" (Pedro Salinasen narratiba) izenburua jarri dio ikerketa-lanari. Vara doktorea Hispaniar Filologian lizentziatua da, eta Espainiar Literaturan doktoratu da. Tesia EHUko Letren Fakultateko Hispaniar Filologia, Filologia Erromanikoa eta Literaturaren Teoria saileko Juan Jose Lanz Rivera doktoreak zuzendu du. Vara doktorea irakasle da sail berean. Argazkian, Natalia Vara Ferrero tesiaren egilea / N.V.F.

Tesia egin ahal izateko, Varak egonaldiak egin ditu Berlingo Institutu Iberoamerikarrean eta Harvard-eko Unibertsitateko zentroetan.

Salinasen aniztasuna

Pedro Salinasen lana eta bizitza egituratzen duen funtsezko ezaugarria da aniztasuna, eta islatu egiten da autorearen lan zabalaren oinarrian dauden ikuspegi, gai eta motibo anitzetan. Salinas ezaguna bada, poesiarengatik da ezaguna. Poesia-lanen artean nabarmentzen da "La voz a ti debida" maisulana. Baina, horretaz gainera, antzerkia, narratiba, saiakera, kritika eta literaturaren historia landu zituen.

Salinasen poesiak piztutako interesak kalte egin die gainontzeko lanei. Tesiaren egilearen esanetan, azaletik eta aurreiritziz beteta egindako irakurketetan oinarritzen dute bere iritzia kritiko gehienek -horietako batzuk uste dute Salinasen narratiban ez dela lantzen poesian ez dagoenik-. Baina Vara doktoreak azpimarratzen du, baita ere, urteetan ahaztua eta mesprezatua izan ondoren, Salinasen narratibarako gaitasuna kontuan hartzen hasi direla kritikoak azken urteetan. Hori bera gertatu zen lehenago antzerki-lanekin.

Berrirakurketa eta analisia

Vara doktoreak idazleak 1921etik 1951ra bitartean idatzi edo argitaratutako lan guztiak -argitaratuak eta argitaratu gabeak- hartu ditu kontuan tesia egiteko. Lanaren lehen zatian, sakon irakurri eta aztertu du material guztia, autorearen alderdi guztiak ezagutzeko eta haren bertute eta akatsak zorroztasunez baloratzeko. Lan horretan, tesiaren egileak berreskuratu egin ditu "Un conocido por conocer" eta argitaratu gabeko "Los cuatro grandes mayusculos y la doncella Tiberica", "El valor de la vida", "Proyectos de cuentos" eta "Ultimos escritos" lanak.

Salinasentzat narratiba bigarren mailako lana izan zela dioen hipotesia baztertu egin du Vara doktoreak. Testuek -argitaratutakoek eta argitaratu gabeek- erakusten dute Pedro Salinasen berezko aniztasunaren beste zati bat izan zela narratiba, antzerkiarekin, kritikarekin edo poesiarekin batera. Salinasen lan narratiboen artean nabarmentzekoak dira "El valor de la vida", "La bomba increible", "Vispera del gozo" eta "El desnudo impecable y otras narraciones".

Tesiaren bigarren zatian, autorearen testu narratiboak sakon aztertu ditu ikertzaileak. Vara doktoreak testuak sortzeko prozesua aztertu ahal izan du, eta, lan arretatsu baten bidez, leheneratu egin ditu, eta jatorrizko forma, autoreak lehen edizioan eman nahi izan zuen hura, berreskuratu du -ondorengo edizioetan gehitutakoak kenduz, eta abar-.

Ikerketak frogatzen du, halaber, Pedro Salinasen lanak irakurlearentzako jakituria-iturri izateko sortuak izan zirela -printzipio eta balio garrantzitsuak aurkitu daitezke lan horietan-, eta lan horiek Salinasen narratiban nahitaezkoa den gaiari -errealitatea eta gizakiak ezagutzeko ahaleginari- jarraitzen diotela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun