Metro Bilbao klima-aldaketaren kontrako "Stop CO2 Euskadi" ekimenari atxiki zaio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 14a, 19:09

Beste enpresa batzuekin batera, klima-aldaketaren kontrako "Stop CO2 Euskadi" ekimenari atxiki zaio, gaur goizean, Metro Bilbao. Aipatu kanpaina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako Sailak sustatu du, Ihobe Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoaren bitartez. "Stop CO2 Euskadi" ekimenak berotegi efektua sortzen duten gasen emisioak murrizten lagunduko duten ekintza bideragarri guztiei leku egingo die, arduradunek aipatu dutenez. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eragile publikoen eta pribatuen "mugimendu handi" bihurtu gura du, XXI. mendeko ingurumen arazorik handienetako bati elkarrekin aurre egiteko. Argazkian, "Stop CO2 Euskadi" ekimenari atxikitako enpresen arduradunak.

Horren haritik, "1995etik garraio pribatua gutxiago erabiltzen laguntzen ari den Metro Bilbaok, gainera, ingurumena errespetatzearen aldeko apustua egin du ingurumena babestearekin loturiko estrategia-lerroak eta hobetzeko helburuak zehaztuz", garraio enpresako iturriek adierazi dutenez. Ingurumen politika enpresaren politika orokorrari erantsi zaio horrela, enpresaren helburuetara gehituta, garapen iraunkorra eta ingurumen babesa sustatuz, eta 2008ko edizioan Ingurumenaren Kudeaketaren Europako Sarien Estatuko goraipamena ere lortuz.

Lan ildoak

Horrela, Metro Bilbaok berotegi efektua sortzen duten emisioak murriztearekin loturiko hainbat lan ildo eta helburu garatu ditu, besteak beste, Metro Bilbaoko tailerretan gas naturala instalatzeko proiektua, berogailuetarako eta pintatzeko kabinetarako erabiltzen den gasolioaren ordez; Metro Bio kanpaina, 2006tik zabaltzen ari dena eta oraindik indarrean dagoena, garraio publikoa oro har eta metroa bereziki erabiltzea sustatzeko; eta tren unitateek energia gutxiago kontsumitzea, balaztatzean sortzen den energia kilometro baino gutxiagora dauden beste trenen trakzioan erabiliz.

Era berean, Metro Bilbaok urtero proposatzen ditu ingurumena babesteko hainbat hobekuntza-helburu, berotegi efektuko gasak murrizteko, ura aurrezteko eta sortutako hondakinak modu egokian kudeatzeko. Horregatik guztiarengatik, Metro Bilbaok "Stop CO2 Euskadi" ekimena abiatzeko dokumentua sinatu du, adierazpenaren helburuak bere eginez. "Laburbilduz, jabetzea klima-sistema berotzen ari dela garbi dagoela, eta sistema natural asko eta asko pairatzen ari direla jada eskualdeetako klima-aldaketen eraginak, eta Metro Bilbaok, beste enpresa eta administrazio publiko batzuekin batera, ekintzaren bidearen aldeko apustua egiten duela", azaldu dute konpainiatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun