David Alvarez Peña, ETAko militantea, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako ekintza batean zauritu eta hilabete batera hil zen Basurtuko ospitalean. Gaur 31 urte bete dira, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez gogoratu duenez. 1977ko abenduaren 18an, igandean, lau gazte zentral nuklearraren aurkako atentatua prestatzen ari ziren. Aurreneko tiroa goizeko 6:20ak aldera entzun zen, eta atzenekoa hamar minutu beranduago. Hamar gizon, sei guardia zibil eta lau laguneko komandoa, elkarri tiroka ari ziren. Guardia Zibilaren egoitzako ateari eraso egitera zihoala, hurbileko barrakoi batetik bi agenteek egindako tiroek ezustean harrapatu zuten komandoa. ETAko militanteek ez zituzten bi hauek ikusi. Goizeko 6:30ean dena amaitua zen. David Alvarez Peña lurrean zetzan, oso larri zaurituta. "Behin ospitalean Guardia Zibilen jazarpen eta presioen ondorioz hil zen David", errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez. Argazkian, David Alvarez Peña, bigarrena ezkerretik, adiskideekin mendian / Etengabe.