Julen Larrinaga gazte algortarra atzo aurkeztu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Santiago Pedraz epaileak aske utzi du haren aurkako bilatzeko eta atxilotzeko agindurik ez dagoelako, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Ikerketa iturrien arabera, haren pisuaren miaketan ez zuten material susmagarririk aurkitu. Joan zen abenduan, Amets Ladislao, Ibai Egurrola, Javier Gutierrez, Mari Mertxe Alcocer eta Maribel Prieto atxilotu zituztenean, bere etxera bila joan zen polizia. Bere izena eta argazkia komunikabide guztietan ere agertu zen, batzuetan Bilboko Julen Larrinaga -Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako 33/01 sumarioan zigortutakoa- zela esanez gainera. Egun haietan etxera bilatzera joan eta bertan aurkitu ez zituzten beste gazte bi, Andoni Elkano algortarra eta Oihane Lekanda berangoztarra , Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu eta libre gelditu ziren, euren aurkako inolako kargurik gabe. Argazkian, aipatu polizia operazioa salatzeko egindako manifestazioetako bat.