Ertzaintza deitu eta jaten itxaron zuen Getxoko taberna bateko ustezko lapurra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 15a, 16:55

Ustezko lapur batek Getxo udalerriko taberna baten kristala apurtu, sartu, bertako telefonoa erabiliz Ertzaintzara deitu, bere burua salatu eta lokaleko aulki batean litxarreriak jaten itxaron zituen ertzainak, pasa den asteartean, hilak 13, Ertzaintzak prentsa oharraz jakinarazitako bertsio sinesgaitzaren arabera. Bertsio ofizialari jarraiki, Neguriko Ertzain-etxeko agenteek 33 urteko gizon bat atxilotu zuten astearte gauean, "taberna batean ustez indarkeriazko lapurreta delitu bat egiteagatik. Ustezko lapurrak berak eragin zuen poliziak atxilotzea, tabernako telefono finkotik eman baitzion abisua Ertzaintzari". Gertakariak 23:30ak aldera jazo ziren Getxo udalerrian. Ordu horretan, Ertzaintzak ostalaritza-establezimendu batean osten ari zen gizon baten deia jaso ei zuen. Prentsa oharraren arabera, "patruila bat bertaratu zen egia zen ala ez egiaztatzeko. Agenteek tabernako leiho baten kristala hautsita zegoela eta, beraz, barrura sar zitekeela ikusi zuten. Lurrean zegoen kazeta-paperaz bildutako kutxatila baten metalezko taparekin egin zituzten kalteak. Leihoan zehar barrura begiratu zuten agenteek, eta gizon bat ikusi zuten mahai batean eserita zerbait jaten. Ustezko lapurrak bere burua identifikatu zuen eta, tabernara lapurretan egiteko asmoz sartu zela baina, behin barruan zegoela, lokal horretako telefono finkoaren bidez Ertzaintzari deitzea erabaki zuela jakinarazi zien agenteei".

Atxilotuak aurrekariak ditu, pasa den urritik. orduan bitan atxilotu zuten bi lapurreta eta saiakera bat egotzita. Pasa den astelehenean, ebasketa surrealistaren aurreko egunean, "desobedientzia" leporatuta atxilotu zuten azken aurreko aldiz.

Kale erasoa Sopelan

Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi duenez, pasa den astelehenean, hilak 12, hainbat ezezagunek bi koktel molotov bota zituzten Sopelako Akilino Arriola kaleko CAN aurrezki kutxaren kutxa automatiko baten aurka. Erasoa 0:45ak aldera jazo zen eta ez zuen kalte material handirik eragin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun