Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 14.468.083 euro egokitu zaizkio Getxo udalerriari. Gauzak horrela, dagoeneko hainbat egitasmorako 11,5 milioi euroko diru laguntza eskatzea erabaki du Getxoko Udalak; oposizioko taldeek egindako proposamen batzuk horien artean direla. Gainontzeko hiru milioi euroak eskatzeko, baina, ez ei du horren eskuzabal jokatu Getxoko Gobernu Taldeak. Asteartean emandako prentsaurrekoan, oposizioko taldeak "berriro ere mespretxatzea eta alde batera uztea" egotzi zien udal agintariei Iñaki Urkiza Getxoko EBren bozeramaileak. "Eskaera aurkezteko epea murritza -urtarrilaren 24a da azken eguna- dela argudiatuta, gure proposamenak aztertzeko denborarik ez dagoela esan eta horiek ez onartzea erabaki zuten", astelehenean bildutako Bozeramaileen Batzordean, Urkizak azaldu zuenez. Gauza bera aipatu zuen, Marisa Arruerekin batera, asteartean ere prentsaurrekoa eskaini zuen Eduardo Andrade Getxoko PPren zinegotziak. Aipatu batzarrean, EAJren Udal Gobernuak berak egindako zerrendatik, "zein proiekturi lehentasuna eman" nahi dioten erabaki behar dutela esan zieten, Andraderen hitzetan.
Akats larriak
Diru laguntza eskatzeko proiektuetatik "batzuk interesgarriak, beste batzuk interes gabekoak eta gainontzekoak akats larriak" direla adierazi zuen Urkizak. Esaterako, Aiboako metro geltoki inguruan igogailuak jartzeko egitasmoan, "goiko aldea ahaztuta utzi" dutela kritikatu zuen Getxoko Ezker Batuko bozeramaileak; udaletxera, ogasunera, udal egoitzara edota osasun etxera heltzekoak, alegia. Gizarte Zerbitzuak Urgullera aldatzeko erabakiari dagokionez, "Foru kalean soberan daudela uste dute eta bertatik kendu nahi dituzte, horretarako Emakumeen Etxea eta Algortako Nagusien Etxea handitzeko lanak zapuzten badituzte ere. Beste sailen bat jarri nahi izango dute Foru kalean", kritikatu zuen alderdi federalistaren zinegotziak. Azkenik, Urgull kaleko eraikinaren bigarren pisuan Emakumeen Etxea jartzea "Landa alkatearekin berarekin hitzartuta" zeukala aipatu zuen Urkizak. "Politika sektorialetarako lokalik ez dutela nahi diote orain. Hala ere, gaztelekua egingo dute bertan", gaineratu zuenez.