Emakumeen Etxea egon ala ez, berdintasuna "lehentasuna" dela dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 15a, 17:49

Keltse Eiguren Getxoko Udalaren Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “Gobernu Taldeak ekintzekin jokatzen du eta ez hitzekin. Hori dela eta, iaz, Berdintasun Arloaren aurrekontua 40.000 eurotan (%36,2) areagotu genuen”. Hitz horiekin gezurtatu nahi izan du Eigurenek, Iñaki Urkiza Getxoko Ezker Batuko bozeramaileak asteartean egindako adierazpenak. EAJko zinegotzi eta alkate ordea denak azaldu duenez, diru kopuru horretatik 30.000 euro, Tokiko Berdintasun Plangintzak jasotzen dituen ekintzak aurrera eramateko zuzendu dira. Eta beste 10.000 euro, berriz, emakumeen elkarteek aurkeztutako proiektuak subentzionatzeko. Aurreko urteotan baino %57 gehiago, Eigurenen hitzetan. Berdintasun arduradunaren arabera, "Gobernu Taldeak lehentasuna ematen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko egitasmoei, ez horiek aurrera eramango diren egoitzei. Ez dugu itxurakeriarik egiten, berdintasun politikan aurrera egiteko programak egiten ditugu”. Berdintasun Plangintza bultzatzeko aurreikusitako eta martxan jarritako programak "ez dira inolaz ere atzera gelditu" Emakumearen Etxea izena eduki lezakeen egoitza ez egoteagatik, udal agintariaren arabera. Argazkian, Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Aukera Berdintasuneko Saileko zinegotzia.

Gizarte Zerbitzuen egoitza berria Algortan jartzeko aukerari dagokionez, “gure udalerrian dauden beharrak kontuan hartu ditugu eta, horregatik, pertsonen kolektibo zabalagoari zerbitzua emateari eman diogu lehentasuna. Baina horrek ez du esan nahi emakumearen berdintasunaren eta garapenaren aldeko ekintzak bertan behera utziko ditugunik, ezta emakumearentzako egoitza berezitua martxan jartzeko ideia ere”, adierazi du Eigurenek. Era berean, zinegotziak gehitu du, udalerriko emakumezkoen elkarteek “gaur egun eta etorkizunean ere euren jarduerak antolatzeko udal guneak erabil ditzaketela”.

Harrituta

Getxoko EBren jarrerarekin "harrituta" azaldu da Eiguren, "hain zuzen ere, oraingoan, Gizarte Zerbitzuak herritarren guneetara hedatzea eta hurbiltzea inoiz baino beharrezkoa denean”. Gizarte Zerbitzuen zinegotzia ere denak uste du “guztiz demagogikoa" dela esatea, "Ezker Batuko zinegotziak egin duen bezala, Emakume Etxea ez badago ezin dela jabekuntza eskola eduki". "Urkizak ondo daki, Udaleko zinegotzia izan delako, Emakumeentzako Jabekuntza Eskola 2004az geroztik martxan dagoela eta aipatu etxea egon ez izana ez dela bere funtzionamendu onerako oztoporik izan", gaineratu duenez. Horren adibidetzat jarri du, 2005-2006ko ikasturtetik hona 71 toki gehiago daudela, lau ikastaro gehiago eskaintzen direla, baita 46 ordu gehiago ere. "Hortik segituko dugu lan egiten, Eskolaren hazkundearen alde eta ondorioz gero eta emakume kopuru handiagoari boterea ematen”, aipatu du Eigurenek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun