Gizarte Zerbitzuen bulegoa zabalduko dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 15a, 18:51

Nagusien etxea handitzeaz gain, Gizarte Zerbitzuen arretarako bulegoa jarriko dute Getxoko Orduña Mendate kaleko egoitzan. Egun, udalerriko alde horretan bizi diren 700 bat familia artatzen dituzte Gizarte Zerbitzuek. "Foru edo Martikoena kaleetako bulegoetara joan behar dute horiek. Bi bulego horiek erdigunetik eta metro geltokietatik nahiko urrun daude", udal arduradunek aitortu dutenez. Hartara, 130 metro koadro dauzkan nagusien etxea handituz, 280 metro koadroko eraikina osatuko dute. Adinekoentzako zerbitzuez gain, herritar guztientzako erabilera anitzeko gunea eta Gizarte Zerbitzuen bulegoak jarriko dituzte. Auzoko nagusiek "bereziki ondo" hartuko dutela uste dute. Elena Coria zinegotziaren arabera, “oso erabilia den ekipamendua hobetuko du, etorkizunean jardueren eskaintza eta kalitatea hobetze aldera, horren gestioaz arduratzen den Urte Alaiak elkarteak aspalditik eskatu bezala”. Lanetan 200.000 euro gastatuko dituzte eta urtearen bukaerako amaituta egotea aurreikusten dute. Argazkian, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, zutik, 2008ko azaroan ehun urte bete zituen Pilar Bustillori egindako omenaldian.

Udal zerbitzuak herritarrei hurbiltzeko asmoz, EAJren gobernu taldea aurrera eramaten ari den politikaren beste urrats bat da gaur aurkeztu dutena, Imanol Landa alkatearen arabera. Algortako Urgull kalean jarriko duten Gizarte Zerbitzuen egoitza berrirako proiektua ere aurten aurkeztuko dute. “Ahalik eta hurbilenetik, zerbitzurik hoberena ematen saiatzean datza asmoa. Herritarrenganako hurbiltasuna eta Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen segitu ahal izatea izan dira deszentralizazio ekintza hauek aurrera eramateko bultzatu gaituzten arrazoiak, oraingoan Getxon”, azaldu du udal agintariak. Algorta aldeko egitasmorako, diru laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari Getxoko Udalak. Iñaki Urkiza Ezker Batuko zinegotziaren arabera, baina, Emakumeen Etxea eta nagusien etxea joan beharko lirateke bertan.

Gero eta eskaera handiagoa

Getxoko Gizarte Zerbitzuek artatzen dituzten auzokideen kopurua urtez urte hazten ari dela nabarmendu du, gaurko prentsaurrekoan, Elena Coria zinegotzi arduradunak. Gainera, "egungo krisi sozioekonomikoak, zalantzarik gabe, are gehiago handituko duela" uste du udal arduradunak. Horren ildotik, 2005ean herritarren %7,06 artatu zuten eta 2007an %9,7, 7.989 pertsona (3.501 familia) alegia. "Horregatik, oso garrantzitsua da Gizarte Zerbitzuak herritarrengana hurbilaraztea. Dagoeneko, aurreko legegintzaldian horren aldeko esfortzua egin genuen, Romo eta Areeta inguruetarako, Gorbea Mendi kalean Gizarte Zerbitzuen bulegoa zabalduz", azaldu du Coriak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun