Getxoko PSE-EEk eta PPk prentsaurreko bana eman dute gaur sententzien berri emateko. Aipatu bi alderdien botoekin, 2007ko azaroaren 8ko eta 2008ko otsailaren 13ko ez ohiko osoko bilkuretan hartutako erabakiak "exekutiboak eta bete beharrekoak" direla ebatzi dute Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegiko 5. eta 2. aretoetako epaileek, hurrenez hurren. Horretaz gain, Imanol Landa alkateak "zinegotzien parte hartzeko eskubidea urratu" zuela diote. Batetik, ebazpenek "Espainiako administrazio publikoetan aurrekaria ezarriko" dutela uste du Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramaileak. Bestalde, "bi epaile ezberdinek bi sententzia" izanda, tokiko sozialisten eledunak ez du uste Imanol Landa alkateak apelazioa aurkeztuko duenik. Almansak adierazi duenez, "ez dut uste horren arduragabea izango denik. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezterik bazuen udal batzarrean hartutako erabakiaren aurka eta ez zuen egin. Ebazpena finkoa denean, bete egin beharko du. Eta ez betetzekotan, erantzukizun zibil eta penalak ekar dakizkioke horrek". Hain zuzen ere, sententziak finkoak direnean, idatzia bidaliko dio alkateari Getxoko PSE-EEk, erabakiak bete ditzan. Bitartean, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak "bi epaile ezberdinek bi sententzia" direla ere baliatu du, Landa alkatetzatik kentzea eskatzeko.
Asebete, baina triste
Bi ebazpenek "asebete" dituztela onartu dute Getxoko PSE-EE zein PPren ordezkariek. Hala ere, "tristura" ematen diela diote. Almansaren hitzetan, "Getxokoaren mailako Udala zuzentzen duen alkate demokratiko baten jokabide onartezina agerian utzi dute sententziek". Baina, are larriagotzat jo du ordezkari sozialistak "udal politikari eragindako kaltea". "Landaren erruz, bi urte galdu ditugu, udal gaietan herritarren parte hartze zuzena bultzatu eta zerga zein tasetan emandako abusuak zuzentzeko". Ildo horretan, 2008ko ordainagiriak gordetzea eskatu die getxoztarrei Arrue popularrak. Getxoko PPren bozeramaileak aipatu duenez, "sobera kobratu zaiena itzuli beharko die Udalak". Arruek emandako datuen arabera, 62 euro gehiago ordaindu behar izan dituzte getxoztarrek, demaseko 439 euro merkatariek eta 197,72 euro gehiago familia ugariek. Horrekin batera, 2008an saltokia jarri duten merkatariei 5.193 euro garestiago atera zaie, popularren hitzetan. Bitartean, 2009ko tasak eta zergak eztabaidatzeko ez ohiko udal batzarra urtarrilaren 26an egingo dela jakinarazi du Arruek.
Atxikitako dokumentuak:
- Udal Arautegi Organikoari (UAO) buruzko sententzia (pdf)
- Tasa eta zergei buruzko sententzia (pdf)