Lanetik irtenda bizi nahi dugu, eta jolastordua ondo probesteko astialdia denboralizatzen dugu: 18:30 erosketak, 19:45 bilera, 21:15 bikotekidearekin afaldu... Che Guevara gurekin kafe bat hartzeko berpiztuko balitz ere pikutara bidaliko genuke. Zer esanik ez diru-zorroa lapurtu dioten agurea, gurpila aldatzeko laguntza behar duen andrea, erresidentzian bakarrik dagoen amama... Dagoeneko inor ere ez da kalera irteten aurretik mugikorrez lehen kontaktua planifikatu barik. Horrek dakarren geroz eta jokaera autista eta insolidarioagoarekin. Elkartasuna, gehienetan, planifikatu gabeko gertakizunei denbora eskaintzea da.
Buru lanpetuan ez da deabrua sartzen esaten zuen gure amamak. Ulergarria terapia okupazionalak depresiotik psikoanalisiak baino jende gehiago salbatu duen herri honetan. Hala ere, baliteke deabruari leiho bat zabaltzeko ordua izatea.
Fredi Payak gaurko "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.