Hernaniko Santa Barbara auzoan leherketa izan da bart goizeko ordubata aldera. Ertzaintzak jakinarazi duenez, telebista hedagailuko kasetaren aurka jarri dute bonba bat. Leherketaren ondorioz ez da inor zauritu eta zer nolako kalte materialak izan diren aztertzen ari dira dagoeneko. Bitartean Hernaniko ehunaka auzokide telebistarik gabe gelditu dira,
berria.info-k zabaldu duenez. Polizia autonomikoaren arabera, hedagailuaren ondoan hainbat kartel zeuden jarrita "Kontuz, bonba. ETA" mezuarekin. Hedagailuaren inguruetan bi motxila topatu eta desaktibatu ditu Ertzaintzak, horiek ere lehergailuekin. Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, lehenengoak hamar kilo lehergai eta bi kilo metraila zituen. Bigarrenak, berriz, lau kilo lehergailu zituen. Bien ala bien lehergailua amonitol izango da seguru aski eta biak kable batzuetara konektatuta zeuden. Polizia autonomikoak bi motxilak bonba-tranpatzat jo ditu eta ertzainak kablearekin estropozu egin eta eztanda harrapatu nahi izatea leporatu dio ETAri. Argazkian, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko ertzainak, pasa den maiatzean Areetan, Abrako Itsas Erret Klubeko hondakinak miatzen.