Auzi berean, "Udalaren aldeko epaia kaleratu zenean egin bezala, desadostasunak konpontzeko epaiketara jo beharrean, elkarrizketaren eta hitzarmenaren aldeko apustua, hau da, politikaren aldeko apustua egiten jarraitzen dut”, adierazi du Imanol Landa alkateak. Getxoko PPk eta PSE-EEk onartutako Udal Arautegi Organikoa (UAO) indarrean ez jartzeagatik, Landak "zinegotzien eskubideak ez zituela urratu" ebatzi zuen urrian Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegiko 3. aretoak. "Orduan alderdi guztiekin osatu zen lan taldean lan egiten eta bultzatzen" segituko duela aipatu du udal agintariak. “Lan hori bultzatzen segituko dut, baita zergen eta tasen gaian akordioak bilatzen ere, nahiz eta orain arte PPren erantzuna kontrakoa izan den”, gaineratu duenez. Bere ustez, "Getxo udalerriaren aurrerapena ekarriko duten akordioak ahalbideratuko duten elkarrizketa bilatzea" da getxotarrentzat hoberena lortzeko bidea. Hala ere, Udal Arautegi Organikoaren gaineko oraingo epaia kontrakoa izan dela ikusita, "agian pentsa genezake, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia izan beharko lukeela kontraesana konpondu beharko zuena”.
Zentsura mozioa
Alderdi Popularrak zentsura mozioa aurkezteko agertutako asmoaren aurrean, alkateak uste du “azkenean Getxoko PPren benetako nahia agerian" geratu dela. Landaren ustez, hori da popularrek legegintzaldi honetarako daukaten helburua. "Ez da udalerria hobetzea, ez getxoztarren beharrei aurre egitea, z krisia gainditzera laguntzea, ez inbertsioen alde egitea, ezta Getxoko aurrerapenaren alde egitea ere", gaineratu duenez. Alkateak salatutakoaren arabera, "PPren helburua, argi eta garbi, Gobernu Taldea behera botatzea da. Legegintzaldiaren hasieratik saiatzen ari da hori egiten, udalerriaren aurrerapenari oztopoak jartzen, Marisa Arruek Getxoko alkatea izateko duen aspaldiko nahia justifikatzeko eta, horrela, bere betiko nahia asetzeko”. Landak uste du “behingoz mozorroa kendu baino ez" duela egin PPk. “Garrantzitsua da auzokide guzti guztiek popularren benetako asmoak ezagut ditzatela, alderdi horri udalerria bost axola zaiolako”, gaineratu du Landak.