Adineko pertsonei zuzendutako zaintzapeko 12 apartamentu berri egin nahi ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 16a, 20:10

Getxoko Udalak adineko pertsonei zuzendutako zaintzapeko 12 apartamentu berri egingo ditu Algortan. Horretarako, 926.000 euroko diru laguntza eskatuko dio Espainiako Gobernuari tokiko erakundeak. Izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 14.468.083 euro egokitu zaizkio udalerriari. Imanol Landa alkateak joan den ostiralean aurkeztu zuen aurkeztuko dituzten proiektuen lehenengo zatia. Udal jabegoko Juan Bautista Zabala kaleko etxean jarriko dituzten apartamentuok proiektuen bigarren multzoari dagozkio, 2.647.152 euroko zenbatekoa duena. Izan ere, Gobela kiroldegian bi liburutegi egokitzeko 700.000 euro eta udal administrazio azpiegiturak hobetzeko milioi bat euro baino gehiago eskatuko dizkiote Espainiako Gobernuari. Argazkian, Imanol Landa alkateak eta Aitor Soloeta Ogasun eta Ekonomia Sustapen zinegotzia, artxiboko irudi batean.

Zabalako zaintzapeko apartamentuak egokitzeko, proiektuen bigarren multzoari dagokion zenbatekoaren %35 zuzenduko da, hau da, 926.000 euro. 12 apartamentu berri horiek, Itzubaltzeta / Romon dauden era horretako 39 etxebizitzei gehituko zaizkie (28 Luis Lopes Oses kalean daude eta beste 11 Lope de Vegan). Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, “zerbitzu aitzindaritzat" jo du hori Imanol Landa alkateak, "inguruko herrietan ez baitago holakorik". Azaldu duenez, "udalerrian bere kabuz konpontzen diren adineko pertsonen etxe eta segurtasun arazoa konpontzea da helburua. Gainera, zerbitzua hurbilduz, Algorta eta Getxoko herritarrei ere eskaintzen zaie”.

Beste proiektu batzuk

Bestaldetik, bigarren multzo horren barruan, Landak zuzentzen duen taldeak onartutako beste jarduera bat izango da Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegiko behe aldean bi liburutegi -bata nagusientzako bestea umeentzako- egokitzea. Azpiegitura berri horiek, Santa Eugenia eta Areetako merkatuko udal eraikinetan egingo diren zaharberritze lanak direla-eta, bi hauetan aldi batean faltako den liburutegi zerbitzua beteko du. Jakina denez, hurrenez hurren, kultur etxe berria eta BizcayTIK programa egokituko dituzte bertan. Bi liburutegi berriak egokitzeko lanetara 700.000 euro inguru zuzenduko dira.

Bigarren multzo honetako gainontzeko laguntzak, bestalde, udal administrazio azpiegiturak hobetzeko zuzenduko dira. Santa Klara jauregiko behealdean, hirigintza gaiei buruzko arretarako gunea jarri nahi dute eta, horretara, 446.000 euro bideratu nahi dituzte. Bestalde, Algortako Tangora Etxeko Gazteria Zerbitzuan hobekuntza lanak egiteko asmoa dago (125.000 euro), baita Juan Bautista Zabala kaleko herritarren harretarako bulegoan (72.200 euro) eta Getxo Irratiaren egoitzan (290.500 euro) ere. Azkenik, udaletxeko estalkia konpontzeko lanetarako 88.500 euro eskatuko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun