Pagoa Zuluetaren aurkako epaiketa luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 16a, 23:18

Pagoa Zulueta eta beste 11 euskal herritarren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egunotan burutzen ari den epaiketa luzatu egin dute. Ehun bat auzokidek torturaren aurka eta Zuluetaren alde gaur Leioako kaleetatik martxa egin ondoren eman dute albiste hori bertako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek. Zuluetari 7 urte t'erdiko espetxe zigorra eskatzen dizkiote ETAri laguntza eman ziolakoan. AAMko kideek Koska irratian egin dituzten adierazpenetan (mp3) esan bezala, epaiketa astelehenean, hilak 19, bukatu behar zen baina auzitegiak 20ra atzeratu du bukaera, nahiz eta oso gatz ikusten duten egun horretan amaitu ahal izatea. Izan ere, beste lekukorik ezean polizia asko dago deklaratzeko, lekuko gisa. AAMk salatu du horiek epaitegian botatako kontraesanak, auziperatu guztiek akusazioak era borobilean ezeztatu duten bitartean. Hain zuzen ere, "epaiketa-fartsatzat" jo dute Madrilgoa, froga bakarrak "torturapean" eta Poliziaren eskuetan egonik lortutako deklarazioak direlako, AAMko kideekin arabera. Gainera, inkomunikazioarekin amaitu arte tortura hor jarraituko duela ziurtatu dute, Algortan pasa den azaroan "torturaren aurkako protokoloa" ezarri arren sarekarada hartako lagun guztiak torturatuak izan zirela gogoratuz. Argazkian, 2005ean Zuluetaren alde egindako manifestazioetariko bat.

Zuluetari bezala, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 7 urte t'erdiko espetxe zigorra eskatu du Ixone Fernandez eta Maria Asuncion Alonsoren aurka, ETA erakunde armatuari laguntza eman izana leporatuta. Alaitz Artetxe, Asier Burjaleta, Eneko Perez, Mikeldi Diaz, Angel Alcalde eta Koldo Rosado ere laguntzailetzat jo ditu Fiskaltzak baina haientzat seina urte eskatu dute. Itsaso Guemes, Arkaitz Ormaetxea eta Anitz Eskisabeli, berriz, bederatzina urteko zigorra ezartzea nahi du fiskalak, ETAko kideak direlakoan.

Zulueta 2007ko urtarrilaren 24an irten zen kartzelatik 12.000 euroko fidantzak ordainduta, espetxean bi urte egin ondoren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun