Euskalmet Euskal Meteorologia Zerbitzuaren arabera, igande honetan, urtarrilak 18, olatuek 4 metro inguruko altuera hartuko dute goizaldean eta, eguna joan ahala, 5-6 metroko altuera hartzen hasiko dira. Astelehenean (hilak 19) eta ondorengo egunetan ere, olatuen altuerak 5-6 metro inguruan mantenduko omen dira. Era berean, bihar mendebaldeko haizea ibiliko da eta 100 km/orduko abiadura har dezake, batez ere kostaldean. Eguna bukatzean haizea azkartu ere egin daiteke. Haize zakar honek astelehenean ere hala jarraituko du, hego-mendebaldetik joaz eta 100 km/orduko abiadura gaindituz batez ere, egunaren lehen zatian. Aipatutako iragarpenaren aurrean, Herrizaingo Sailak arreta handiz ibiltzeko eskatzen die herritarrei, batez ere itsas aldean egin beharreko ekintzei dagokienean. Era berean, denboraleak irauten duen arte ondorengo gomendio eta iradokizunak jarraitzeko ere eskatzen zaie: leiho eta leihatilak itxi eta lorontziak edo haizeak eraman ditzakeen antzeko objektuak ere etxean sartu. Argazkian, haize boladek eragindako olatu batek Algortako Portu Zaharreko murrua apurtu zuen 2008ko martzoan.