Gaur eguerdian inauguratu dute Jauregizar Soinu Alai izena izango duen Sopelako musika eskola berria. Hain zuzen ere, Jauregizar plazan dago zentroa eta 200 ikasle inguru hartuko ditu. Neska-mutilek ikastaro desberdinak egingo dituzte bertan: horien artean, musika tresnen eskolak, musika armonia eta musika hizkuntza, besteak beste. Eraikinak bi solairu ditu eta 350 metro koadroko azalera. 215.000 euro inguru inbertitu dituzte egitasmoa burutzeko. Lanak iragan urteko irailean hasi ziren. Aurkezpen ekitaldian egitasmoak daukan "garrantzia" azpimarratu du Imanol Garai alkateak. “Gaur egun handia da Sopelarentzat, poz-pozik nago. Orain, ikasleek musika tresnak jotzen ikasteko ibili-ibilian aritu beharko dute”, adierazi duenez. Bere aldetik, Leire Basauri Kultura zinegotziak “musika maite duten pertsonek toki finkoa” badutela aipatu du; baita Udalaren asmoa “denak toki batean biltzea” izan dela gaineratu ere. Argazkian, Garai alkatea hitz egiten gaurko ekitaldian.