Israelen aurkako boikota aldarrikatu dute Algortako kaleetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 18a, 22:25

Askapena erakunde internazionalistak egindako deialdiari erantzunez, 200 bat herritarrek parte hartu dute gaur goizean Palestinaren aldeko manifestazioan. "Palestina askatu" leloekin batera, "zuek sionistak zarete terroristak" eta "Israel, boikot" izan dira Algortako martxan zehar oihukatutako leloak. Askapeneko Gabi Basañezek gogoratu duenez, Gazako sarraskiak direla eta "egun hauetan entzuten ari gara genozidio baten aurrean topatzen ari garela Palestinan", baina "historiari begiratuta ez da egun hauetan genozidio hori hasi ezta okupazio hori ere". Orain dela mende bat, sionismoaren sorrerarekin batera, kokatu du arazoaren sorrera. Ondoren, kolonoak joan eta Nazio Batuek 1948an Palestina bitan zatitu eta Israelek bertan Estatua eratzeko eskubidea zuela onartu zuen eta "bertan hasi zen genozidioa". Hortik aurrera "palestinoak jazartzen eta hiltzen" indartuko zen Israelgo Estatua, Basañezen hitzetan (mp3). Horren adibide, Sabra eta Xatilan gertaturikoa jarri du, 1982an Libanoko hegoaldean bi egunetan 2.000 palestinar hil zituztenean. Horren aurrean, eta Euskal Herriak Palestinarekiko elkartasuna behin eta berriro erakutsi duela, elkartasun ekimen "eraginkorra" eskatu dute Askapeneko kideek: norberak Israelgo produktuei boikota eginez eta hemengo politikariek Israelekin dituzten kirol, kultur, hezkuntz eta beste motako harremanak moztuaraziz. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Boikot pertsonalari dagokionez, Basañezek barra kodean "729" aurrekaria dituzten produktuak ez erostera deitu du. Baina, ohartu duenez, askotan Israelen ekoizpenak ez dira zenbaki horren pean saltzen edo Israel sostengatzen duten beste herrialdetako enpresarenak dira, eta datozen egunotan hainbat produktuen zerrenda kaleratuko dute. Bitartean, "Nanas" markako espartzua edo Coca Cola jarri ditu boikoteatzeko produktuen adibide.

Baina norberak egin dezakeen kalte ekonomikoaz harago, Askapenarentzat "are garrantzitsuago iruditzen zaigu Israelekin dauden harreman kulturalak, harreman politikoak, harreman administratiboak edo bestelako harreman guztiak eteten hastea eskatzea". Jerusalemen tranbia egiten ari den eta Bilboko autobusen esleipena eskuratu duen enpresa frantsesarekin harremanak moztea Bilboko Udalari exijitzea jarri dute adibide.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun