Getxoko ertzain-etxeko agenteek mutil bat atxilotu zuten larunbatean sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita, "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Larunbat goizaldean Berangon gertatutako sexu erasoaren ustezko egilea da gaztea. Iturri berberen arabera, ordu batak aldera jazo zen gertaera. Mutil batek bortxatu zuela eta diru-zorroa lapurtu ziola salatu zuen neskak, auzitegiko medikuak aztertu baino lehen. Behin ustezko bortxatzailea atxilotuta, gertaeraren nondik norakoak aztertzen ari da Ertzaintza. Bitartean, larunbat goizaldean ere Plentzian emakumea erasotako gizonaren bila dabiltza polizia agenteak. Bestalde, udan hainbat sexu eraso jazo zirela onartu du
Getxoko Udalak, "Getxoberri" agerkariaren
1.073. zenbakian (pdf) argitaratutako oharraren bitartez. Hala ere, euren burua zuritzen saiatu dira udal agintariak. Adierazi dutenez, "2008ko abuztuaren 14ean hainbat lekutan bortxaketa saiakerengatik salaketa ugari zeudela zabaldutako informazioaren ildotik, une horretan Udaltzaingoan eta Ertzaintzan ez zegoela bat ere Udalak esan arren, orain argitu nahi du Ertzaintzak bi salaketa eduki zituela, baina horien berri Udalak ez zuela eduki". Erasoen aurrean, atari guztietan idatzia jarri eta Portu Zaharreko jaietarako txilibitua banatu zuen, autodefentsa tresna giza, Emakume Gazteon Asanbladak. Tokiko erakundeak, ordea,
"gezurtitzat eta alarmistatzat" jo zituela salatu dute hainbatetan. Argazkian, azaroaren 25eko elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan.