Pixkanaka autobusak eta jendea herrira heldu eta manifestazioa hasi zen. Jende ugari elkartu ginen eta horrek indarra eman zigun. Bide osoan polizia autonomikoaren eta obretako zaindarien presentzia nabarmena zen. Beldurra eman nahi ziguten, eta benetan beldurgarria zen hainbeste polizia ikustea, baina, hala ere, jendeak ziurtasun osoz egin zuen aurrera.
Manifestazioa amaitu zenean, ehunka eta ehunka pertsona obretan sartzen ahalegindu ginen eta talde batzuek bertara heltzea lortu zuten. Berehala, polizia autonomikoen erantzun basatia hasi zen. Beste ehunka pertsona ondoko landan geratu behar izan ginen, ezin baikinen gehiago gerturatu polizien pilotakadak zirela eta. Obretara heldu zirenak lurrean eseri ziren protesta baketsua egiteko asmoz. Poliziek, ordea, hasieratik ekin zioten euren aurka erabateko bortizkeriaz: pilotakadak, porra kolpeak, furgonetak ziztu bizian obretan zeuden pertsonen artetik… Ondoko landan geundenok ahal izan genuen moduan babestu ginen erasotik, izan ere, pilotakadak etengabeak ziren eta alde guztietatik heltzen zitzaizkigun. Karga haietan, gure inguruan pertsona bat ikusi genuen sudurrean pilotakada jaso zuena. Obretara sartu zirenak egurtu eta handik bota ondoren, haietako bi atxilotu zituzten han bertan. Poliziaren erasoaren ondoren, eta orduan bakarrik, hasi ziren batzuk harriak jaurtitzen erasoari erantzuteko (eta ez alderantziz komunikabide gehienek zabaldu duten moduan).
Atxilotuei babesa emateko eta protesta egiten jarraitzeko jende pilo bat luzaroan egon ginen obren ondoan eta bitartean beste asko herrirantz itzuli ginen. Urbinara bueltatu ginenok, denetarik jasan behar izan genuen bidean, eta gehienak identifikatu gintuzten. Bitartean, obretan geundenoi albiste beldurgarriak heltzen zitzaizkigun telefonoz herritik: polizien furgoneta piloa ari zen obretarantz joaten manifestazioa egin genuen pistatik bertatik, guri bidea ixteko asmoz. Poliziek pilotak bota eta bota jarraitzen zuten amaitu zitzaizkienera arte; orduan, beste furgoneta bat agertu zen eta pilota gehiago ekarri zizkieten. Helikopteroa ere etengabe ibili zen gure buruen gainean. Une batzuetan lurretik oso-oso metro gutxira ibili zen, modu arriskutsuan (eskuetan geneuzkan banderolak eusteko ere indarra egin behar zen, helikopteroak sortutako haizea zela eta).
Azkenean, obretatik alde egitea eta herrira itzultzea erabaki genuen. Lehenago, pertsona bi poliziengana hurbiltzen saiatu ziren atxilotuei buruz galdetzeko, baina gerturatzen ere ez zieten utzi, pilotak jaurtitzeko eskopetekin apuntatu baitzieten. Buelta eman eta itzultzen hasi ginenean, berriz hasi zitzaizkigun pilotakadak botatzen atzetik. Korrika hasi behar izan ginen landa guztia zeharkatu eta pistara heltzeko eta jende ugarik jaso zituen pilotakadak: batzuei lepoan eman zieten; beste baten bat, korrika zihoan bitartean, orkatilan pilotakada jaso eta lurrera erori zen…
Pistan sartu eta bueltatzen hasi ginenean, polizia guztiak furgonetak han utzita gure atzetik hasi ziren korrika eta kargatzen. Pista estua zen eta ezin genuen arineketan egin. Atzetik segika eta pilotakadaka geneuzkan bitartean, bagenekien laster aurretik ere agertuko zitzaizkigula. Harrituta geunden: ze demontre egin behar ote digute? Erotu egin dira?
Azkenean poliziaz osatutako lerro bat topatu genuen aurrez aurre, eta une hartan, batzuk menditik joan ginen ihesi. Beste batzuk aurrera egiten saiatu ginen eta berriro ere karga bortitza jasan genuen. Leku horretan bertan, pista obren azpitik pasatzen da, zubi baten azpitik. Zubipe horretakoa benetan beldurgarria izan zen: bazterretatik egin genuen aurrera ahal zen moduan, baina poliziek porrekin egurtu gintuzten, pilotakadak botatzen hasi ziren zubipean inolako kontrolik gabe, edonorantz, edonori edonon jotzeko moduan… Zubipean, pilotakaden tiro hotsek itzelezko oihartzuna egiten zuen, eta leku itxi batean egonda pilotak edozein aldetatik etorri zitezkeen errebotez. Burua besoekin babestu, makurtu eta aurrerantz korrika egitea baino ezin genuen egin. Une horretan, Durangaldeko pertsona bati metro gutxira jaurtitako pilotakada jo zioten orkatilan. Karga horretan ere atxiloketak egon ziren.
Nola edo hala aurrera egitea lortu genuen. Jende asko herrenka zihoan hartutako kolpeengatik, baina hala ere ahal genuen moduan korrika joan behar izan ginen. Herrira heltzeko gutxi falta zenean, inguruko beste pista batean furgoneta bi agertu ziren, eta ondorioz, buelta handiagoa egin behar izan genuen herrira jaisteko. Ez genuen ezer ulertzen eta ez genekien noiz demontre utziko gintuzten bakean.
Bitartean, menditik beste talde bat noraezean zebilen zubipeko kargatik ihesi. Talde horretakook etengabe izan genuen helikopteroa buru gainean eta itzulinguru ugari egin behar izan genituen azkenean herrira iristeko.
Herrira iristean Durangaldeko jende gehiena autobusetarantz joan ginen. Autobusak Urbinako industriagunean zeuden, autobiaren beste aldean. Ordurako, herriaren irteera guztiak poliziaz josita zeuden, eta autobusen inguruan ere furgoneta pilo bat zeuden. Autobus bi irteten ahalegindu zirenean, poliziek autobusak geldiarazi zituzten eta jende guztia jaitsiarazi eta hormara begira jarri zuten.
Bitartean, Urbinako kaleetatik ibiltzea ikaragarria zen, nonahi baitzegoen jende zauritua: batzuk herrenka, besteren bat bekokian izotza jarrita kolpeengatik… Geroago ere, autobusean etxerantz gentozela telefonoz jakin genuen herrian bertan poliziak oraindik sarraskia luzatzen ari zirela basakeria osoz.
Urbinako gertaerak oso-oso larriak izan ziren. EAJk, bere borreroen bidez, argi utzi nahi izan zigun ez digutela aukerarik txikiena ere eman behar gure oposizioa adierazteko. Ibarretxek eta Gereñuk sarritan esan dute AHTren kontra egotea zilegi dela eta oposizio hori bermatuta dagoela baketsua bada. Urbinako protesta ezin baketsuagoa izan zen gure aldetik. Desobedientzia zibil masiboa egitea zen asmoa; obrak modu baketsuan okupatzea. Baina beltzez jantzitako borreroek indarkeria basatiz erantzun ziguten. Non geratzen dira orduan Ibarretxe eta Gereñuren hitz hipokritak?
Urbinako kopuruak beldurgarriak dira: atxilotu ugari, hainbat pertsona ospitalean, ehunka zauritu, milaka pertsona identifikatuta Urbinarako bidean eta Urbinan bertan… Bai, kopuru handiak, baina kopuru horiek handiak badira arrazoi bakarrarengatik da: hantxe jende piloa egon ginelako. Eta horrek argi uzten du herri honetako zati handi bat AHTren aurka gaudela eta prest gaudela gure konpromisoaren bidez gure lurraren eta gizarte eredu justuaren alde borrokatzeko.
Larunbatean Urbinan beldurtu nahi izan gintuzten. Mezu garbia bidali nahi izan ziguten: zerbait egiten ahalegintzen bazarete, badakizue zer jasoko duzuen. Baina ez dezatela pentsatu EAJk, EAk, PSOEk eta PPk horrela ezer lortuko dutenik, ez.
Azkenik, guztiz lotsagarria izan zen komunikabide gehienek (salbuespen pare bat kenduta) zapatuan eta igandean izan zuten jarrera. Herrizaingo Sailaren bertsio ofiziala, gezurrez betetakoa, baino ez zuten zabaldu. Komunikabide horiek guztiek, tartean denok ordaintzen ditugun komunikabide publikoek, ez zuten egia esan, egia ezkutatu egin zuten bertsio polizialaren atzean babestuta, Jaurlaritzari ez zitzaiolako komeni gizarteak egia jakitea, izan ere, zelan demontre azalduko du Jaurlaritzak sarraskia eragin duela manifestazio baketsu baten aurka?
Komunikabide gehienak eurekin daude, beraz, garrantzitsua da gutako bakoitzak gure artean egia zabaltzea eta gutako bakoitza komunikabide izatea, gizarteak jakin dezan Urbinan benetan zer gertatu zen.
Argi dugu gure bidea zuzena dela, eta ez erasoekin, ez atxiloketekin, ez mehatxuekin, ez gaituzte isilaraziko. Gero eta ozenago eta gero arrazoi handiagoz oihukatuko dugu:
Herriak bizirik, AHTrik ez!
Durangoko AHT Gelditu! Elkarlana