Disko berria kaleratu du PutoAmoakMatematiketan musika taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 20a, 20:39

PutoAmoakMatematiketan (PAM) Ermuko rock talde euskaldunak bere laugarren diskoa argitaratu berri du. “Heldu... inoiz ez” CDa 2007ko urtarrilean hasi eta bi urteko talde lanaren emaitza da. Taldearen arabera, ermuarren “Pam”, “The Killin' washin' machine”, eta "Ixa” "gure aurreko lanekin konparatuz, disko borobilagoa da honakoa, abestien arteko kohesio handiagoa baitu. Konposaketan, lana banatuagoa egon da, musikaren kasuan talde lana azpimarratuko genuke". Hitzen kasuan, berriz, Irati Jimenez kazetari eta idazleak "Berria" egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batekin "Euskara zikiña" kanta osatu dutela azpimarratu dute. Bestelako kanta guztiak taldekideek idatzi dituzte. Horrela, Ikerrek “Zurea? bai zera!” eta “Check point”-i hitza jarri die, Karlosek “Erantzun guztiak...”, “Lurrunetan”, “Aitzurra” eta “Psikotraumatizatua”-ri eta Markosek “Bihurtuko da zero” abestiari. Grabazioaren soinu lanei dagokienez, Karlos Balseiro taldekideak gidatu ditu. Argazkia: Raul Bogajo.

Grabaketaren helburua, PAMen esanetan, "gure grabazio gailu xumeei etekinik handiena ateratzea izan da. Karlosen asmoa zen soinu garbia lortzea, detaile guztiak antzemateko modukoa, eta kantuen instrumentazio soila lagungarria izan da horretarako". Karlosen hitzetan, "gailurra jo dugu, gure aukera tekniko eta grabaketa materialei dagokienez. Aurreko lanekin alderatuz, soinua desberdina da, eta horrek bere alde hitz egiten du".

Aitortu dutenez, grabazioa, "aurrekoetan baino lasai eta sosegatuagoa" izan da, eta "zalantza eta buruhausteak" masterizazioarekin heldu dira, azken ukituekin: "bolumena igotzearen alde egiten denean ñabardura eta oreka galtzen da, potentzia irabaziz, baina baita distortsioa ere. Karlosek ez zuena nahi zera zen, diskoak zorabiatzea, behin eta berriz entzuteagatik nekagarria izatea, eta distortsionatzea. Horregatik, berehalako inpaktuaren ordez, entzunaldi ezberdinetan detaile berriak antzematearen aukera egin du Karlosek, bolumena nahi izanez gero, erreproduktoretik igotzea, alegia".

Historia duen taldea

PAM izan baino lehen, Dantzut izan ziren matematikazaleak. Baina Dantzut alde abatera utzi eta Julio Kageta, Kubanakhan, The Pepes, Saizulo... bihurtu dira, hurrenez hurren. Puto Amoak Matematiketan (PAM) "eskarmentu handiko lau buruk eta zortzi eskuk osatzen dugu" diote derrigorrez haien amamak aspaldi galdu behar izan zituzten Iker Saenz de Zaitegik (gitarra eta ahotsa), Markos Gimenok (baxua eta ahotsa), Karlos Balseirok (gitarra eta ahotsa) eta Juanmi Bravok (bateria eta koroak). 1999an lehendabiziko maketa atera zuten, bost abestiz osatua. 2001ean PAMek izen bereko diskoa atera zuen, entsegu lokalean grabatutakoa, Karlos teknikari lanetan zela. PAM zuzeneko taldea da, "kontzertuan ikusi dituenak nekez ahaztuko ditu", gogoratzen dutenez.

2003an “The killin’ washin’ machine” grabatu zuten. 8 abesti, tartean Dantzut-en bi bertsio eta QOTSA-en “Go with the flow”.
2006an “X” argitaratu zuten, “Road movie” eta “Maitematika” bezalako kantu puskekin, Zaloa Urain (Kokein) eta Maite Arroitajauregi (Celloa) lagunen kolaborazioarekin, besteak beste. Autoprodukzioa konstante bat izan da PAMen ibilbide diskografikoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun