Jon Bilbao Moro eta bere senideak omendu dituzte ehunaka lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 19a, 22:35

Pasa den ostegunean, urtarrilak 15, Jon Bilbao Moro Asuako preso politikoa atxilotu, 9 egunez inkomunikatu eta torturatu, eta espetxeratu egin zutenetik 27 urte bete ziren. Baina, 2002an zigorraren hiru laurdenak bete ondoren kalean beharko lukeen arren, urteurren egunean Bilbao Alacanteko Fontcalent espetxean jarraitu zuen, Erandiotik 750 kilometrotara. Horren aurrean, bere auzokideek, lagunek eta eskualdeko hainbat hiritarrek omenaldi egin zioten atzo, igandea, Astrabuduako Josu Murueta plazan. Bertan 230 bat pertsonak bere maitasuna erakutsi zioten preso asuarrari eta bere senideei. Izan ere, Jon BIlbao Etxera herri ekimeneko kideek gogoratu zutenez, Jonen lagun eta senideek "bera bisitatzeko munduari lau bider buelta emateko haina kilometro egin dituzte". Bilbao sakabanaketa politika bere larruan ederto ezagutu du, kartzelaz kartzela ibili dutela, ia egun osoz isolamenduan. Gainera, ziega aldaketa etengabeek, arrazoirik gabeko katxeoek eta lekuz aldaketetan hartutako jipoiek, estresak eta elikadura narriotsuak, besteen artean, iztai-hernia, gastritis kronikoa, anemia, orno-mina, zutik jartzeko ezintasuna eta prostata eritasuna eragin dizkiote. Herri ekimena, saiatzen ari da Bilbao otsailaren 6an Gurutzeta ospitalera ekartzen, bertan prostata operazioa egiteko, "baina ez dakigu lortuko dugun" aitortu zuten. Ekitaldiaren ostean manifestazioa egin zuten Astrabuduan zehar. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Atzo zabaldu zutenez Jon Bilbaok pairatzen duen prostata afekzioaz hobera egiteko ezinbestekoa du ebakuntza egitea, baina Bilbaok "mesfidantza dio inguratzen zaion orori". Asuarrak ez du Foncalent-en "hilik ikusi nahi duen norbaiten eskuetan" ebakuntza egin nahi ezta beste leku batera joan ere, lekuz aldatzean pairatuko duenaz beldur baita. Hortik Gurutzetara ekartzeko saiakera.

Preso ohien omenaldia

Herri ekimenaren adierazpenen ostean, Moro oso egoera eta leku ezberdinetan ezagutu duten preso ohiak igo ziren oholtzara, Mororen senideak agurtu eta lore sorta eskaintzeko, dantzari batek aurreskua dantzatu ostean. Jon Bilbaoren burkide, ziegakide eta lagunek "Moro eta bere etxekoak eta beraiekin preso eta iheslariak eta haien etxekoak" omendu zituzten. Aitortu zutenez, gogor egin zitzaien atzoko ekitaldia, izan ere "365 egun gehiago pasa dira iazko omenalditik eta Jon han dago oraindik, duintasunaren alde borrokan". Gainera, gogorragoa egin zaie jakitun direlako "guri ere espetxe zigor handiak jarri zizkigutela baina gu kaleratu gintuzten eta bera gu ez bezala han jarraitzen du, giltzapean".

Preso ohiek azaldu zuten askatasuna berreskuratu izana haientzat "pozgarria" bada ere, "burkideak, lagunak, han utzita adiskide mina" zor zaiela, "etxera itzultzea ikaragarri gogorra" dela. Bitartean, espetxeetako egoera ederto okertu da eta egoera horretan Jon Bilbao eta enparauei "askatasuna zor diegu", aitortu zuten: "haien bozgorailua izan nahi dugu". Azkenik, "bizi arteko zigorrak hil artekoak bihurtu" diren honetan, lan eginez "presoen, iheslarien eta etxekoen zama arindu" daitekeelakoan daude. Horregatik, nork bere eremuan errepresaliatuen aldeko lanari ekiteko deitu zuten. "Apur bat asko izan daiteke, apur asko batu izanez gero", animatu zuten.

"Salbuespen egoeran" baina "okerrago"

Bertsolarien ondoren, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kide batek hartu zuen hitza. Egun Euskal Herrian estatu espainiar zein frantsesak darabilten "egoera errepresiboa" salatu zuen. "Salbuespen egoera zabaldu dute kalean eta kartzelan okerragoa da", azaldu zuten. Horren adibidetzat jarri zuten Anjel Figueroa preso algortarraren egoera: "etxean baina preso dute" eta, gainera, kartzelan ezarritako hainbat baldintza jarri dizkiotela salatu zuen AAMk. Jon Bilbaoren kasuan, "Jon errepresioaren isla" dela azaldu zuen: "atxilotua, torturatua, kartzelaratua, sakabanatua eta isolatua Euskal Herriak bere patuaren jabe izan dadin borrokatzeagatik". Bestalde, eskualdeko presoek pairatzen duten sakabanaketa deitoratu zuten AAMko kideek. 46 presoetatik, hiru baino ez baitaude Euskal Herrian. Era berean, gogor salatu zuten torturaren erabilpen politikoa, eta adibidetzat jarri zituzten azken sarekadan atxilotuek pairatutako torturak.

Egoera horretan, herritarrei presoen aldeko konpromisoa eskatu zieten "salbuespen egoerari aurre egiteko", Bilbon pasa den urtarrilaren 3an egindako manifestazioari segida emanez. Ildo horretatik, besteak beste, Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesleen elkartea babesteko eta bere alde sinatzeko eskatu zuten.

"Irabazteko borondatea"

Manifestazioan abiatu aurretik, azken hitzaldia izan zuten entzungai Astrabuduara Jon Bilbao omentzera joandakoek. Ezker abertzaleko kide batek egungo egoera aldatzeko ezinbestekotzat jo zuen D3M herri plataforma babestea eta bere alde sinatzea. Gainera, Arnaldo Otegiren aipuak erabiliz, "irabazteko borondatea" berreskuratzera deitu zuen, Hauteskunde Batzordeak eskatutako sinadura kopurua "aise" gainditzeko.

Ekitaldiaren audioak:

- Jon BIlbao Etxera! herri ekimena (mp3) (erdia espainolez).

- Preso ohiak (mp3).

- Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimendua (mp3) (erdia espainolez).

- Bertsolariak (mp3).

- Erandioko ezker abertzalea (mp3) (erdia espainolez).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun