J. Irigoien: "Ttipi-Ttapa Telebistaren jarduna ilbeltzaren 31n geldituko da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 19a, 23:26

Momentuko egoera eta etorkizunera begira dauden aurreikuspen ekonomiko eta legal kezkagarriak kontuan hartuz, [Baztan. Malerreka. Bortziriak, Urdazubi, Saraldea eta Leitzaldeko] telebista [euskalduna]ren jarduna ilbeltzaren [(urtarrilaren)] 31n gelditzea erabaki du Ttipi-Ttapa Fundazioak. Ez da erraza izan. Buelta dezente eman ondotik hartutako erabakia izan da, samina eta nekez hartzen den horietakoa,jakinda, ongi jakin ere, zenbat kosta diren gauzak aitzinera ateratzea zerotik hasita. Alabaina, talde osoa arriskuan jarri baino lehen zati bati ‘pause’ ematea hobe dela pentsatuz hartutako erabakia izan da. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe, krisi orokorraren eraginez publizitatean diru-sarrera guttiagorekin eta, LTDaren atarian (Lurreko Telebista Digitala) Foru Administrazioak eta Espainiako Gobernuak telebistaren egoera legeztatu eta emisiorako lizentzia eskuratzeko aukerarik gabe utzi ondotik, erabakirik zentzuzkoena arduraz jokatzea dela ikusi da. Argazkian, Ttipi Ttapa Telebistako kazetariak 1998tik dabiltza beren eremuko gertaera sozialen berri emanez. Irudian, Sunbillako 2008ko kultur asteburua / Ainara - "Ttipi Ttapa" aldizkaria.

Duela hilabete bat uste zen posible izanen zela telebistari eustea diru eta giza baliabide gutxiagorekin (begiratu aldizkari honen 485. zenbakian argitaratu genuen erreportajea). Denborarekin, ordea, garbi ikusi da usteak ustel zirela, eta baldintza minimoen azpitik saiatzea, batere erreala ez izateaz aparte, kaltegarria ere izan daitekeela epe ertain eta luzera begira.

Gauzak horrela, hemendik aitzinera indar guztiak aldizkaria eta (www.ttipi.net) webgunea indarberritzera bideratuko dira. Biak ere itxura eta eduki berriez hornituak ikusiko dituzue hemendik guttira, udaberria baino lehen.
Ttipi-Ttapa, bidea eginez

Prestakuntza lanak lehenagotik hasiak baziren ere, 1998ko ekainaren 15ean hasi zen emititzen Ttipi-Ttapa Telebistaren programazioa. Geroztik ibilbide oparoa egin du, alde gozo eta gaziekin, horrelako egitasmoetan normala izaten den bezala. Eta hori aunitzen lanari, laguntzari eta konfidantzari esker izan da. Mila esker, beraz, hau posible egiten parte hartu duzuen elkarte, udal eta mankomunitate, laguntzaile, ikusle, publizitatea egiten duzuen eta langile zareten eta izan zareten guztioi.

Ttipi-Ttapan badakigu krisi garaian gaudela –badakigu, era berean, etengabeko krisia dela euskarak bizi duena Nafarroan– baina ziur gaude gauza izanen garela zailtasun hauei ere aitzin egiteko eta etorkizunari behar bezain sendo eusteko. Bide horretan, gogoeta zabal bati ekin zaio gure eskaintza komunikatiboa garai berrietara nola egokitu aztertzeko. Eta bidenabar, proiektu berriak ere garatuko dira 2009an, batzuk aldizkari eta webgunearen zuzeneko garapenari lotuak eta, bertze batzuk zabalagoak, diru sarrerak haunditzera bideratuak.

J. Irigoien Ttipi Ttapa Telebistako kudeatzaileak "Ttipi Ttapa" aldizkariaren 486. zenbakian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun