Getxoko PSE-EEren jarrera definitzeko, "traizioa", "iruzurra" eta "faltsukeria" hitzak erabili zituen atzo Marisa Arrue PPren tokiko bozeramaileak. "El Correo Español" egunkariak jasotako adierazpenen arabera, dagoeneko baztertu du Luis Almansa Getxoko PSE-EEren eledunak, Imanol Landa alkate jelkidearen aurkako zentsura mozioa babestea. "Aurreikusten dugun zentsura ariketa martxoaren 1ekoa da: guztion eta guztiontzako Euskadi baten aldeko eta euskal gizartean zatiketa eta liskarrak dakartzaten Ibarretxeren politika baztertzaile eta soberanisten aurkako herritarren botoak, alegia", adierazi zuenez. Getxo udalerrirako, berriz, "elkarrizketa eta adostasuna" gura ditu Almansak; "herritarrak eskatu bezala". Zentsura mozioak "zatiketa" ekarriko luke, bere hitzetan. Igandean ere kritika gogorrak jaso zituzten Getxoko PSE-EEkoek. Santurtzin egindako ekitaldian, oraindik EAJ alkatetzan jarraitzearen "errua" sozialistei bota zieten Mariano Rajoi eta Antonio Basagoiti buruzagi popularrek. Argazkian, PSE-EE eta PPk batera jardun eta prentsaurrekoak batera ematen zituzteneko irudi bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!