Tokiko Agenda 21 egitasmoaren ezarpen prozesuarekin jarraituz eta "auzokideekin komunikazio etengabe eta bizia mantentzeko helburuarekin", herritarrek parte hartzeko foroa deitu du
Barrikako Udalak. Astearte honetan bertan, urtarrilak 20, jarri dute hitzordua, udaletxeko osoko bilkura gelan. Gauzak horrela, 18:30etan hasita, 2009an aurrera eraman daitezkeen sentsibilizazio ekintza edo kanpainak proposatu eta lehentasuna zeintzuei emango zaien erabakiko dute barrikoztarrek. 19:30etik aurrera, berriz, Uribe Kostako Mankomunitate mailako Mugikortasun Jasangarrirako Plana eratzeko pausuak aurkeztuko dituzte. Bitartean, Gorlizen ostegunean, hilak 22, jarri dute herritarrek parte hartzeko foroaren batzarra. Mugikortasun Jasangarrirako Plana ere izango dute hizpide, 19:30etik aurrera, udaletxeko osoko bilkura gelan. Argazkian, Barrikako udaletxea eta eliza.