Ezker abertzaleko bost lagun Getxoko 5. Instrukzio Epaitegiko magistratuaren aurretik pasa behar izan ziren atzo, 2008ko martxoaren 9an, Espainiako hauteskundeen eguna, Plentziako Jai Alai frontoi ondoan elkarretaratzea egiten saiatzeagatik. Izan ere egun horretan,
Ertzaintzak bederatzi pertsona atxilotu zituen hautes-zentroa den eraikin horren ondoan, Plentziako ezker abertzaleak deituta zuen abstentzioaren aldeko elkarretaratzea egiten saiatu zirenean. Baina, pankarta zabaldu eta gutxira dozena bat ertzain baino gehiagok plastikoa eskuetatik kendu eta bertan zeuden lagunei identifikazioa eskatu zieten, ondoren esku-bilurrak jarri eta atxilotuta eramateko. Hurrengo egunean utzi zituzten aske. Ertzaintzak hauteskunde delitua eta desobedientzia leporatu zien eta auziperatuen lekukotasunaren berri izan ondoren Fiskaltzak akusazioa jarriko duen erabakiko du. Atzoko saioan akusatuek deklaratzeari uko egin zioten eta epaileak itzultzaile baten laguntza behar izan zuen. Akusatuek
UKBERRI.NEti egindako adierazpenetan (mp3) oraindik zer eskaera egin diezaieketen ez dakitela eta egiten duten balorazioa azaldu zuten. Bihar, epaitegi berean beste bi lagunen txanda izango da eta beste batena Bilbon. Bederatzigarren akusatuari buruz inork ez daki ezer. Argazkian, 2008ko martxoaren 9ko atxiloketak.