Balmoral itsasontzi handiak zabalduko du asteazken honetan, hilak 21, Bilboko Portuko bidaiari-ontzien denboraldi berria, eta Algortako kaian igaroko du gaua. Eskoziaren omenez izena hartzen duen ontzi horretan, 1.400 bidaiari eta 500 eskifaia-kide doaz. Guztiei, informazioa eskainiko die Getxoko Turismo Bulegoak, udalerrian ibili edo erosketak egiteko, udal iturriek aipatu dutenez. Horretarako, Areeta eta Algorta lotuko dituen autobusa jarriko die Udalak. Tokiko arduradunek azaldu dutenez, "garraio zerbitzu berezi hori ontziaren ordutegietara moldatuko da. Izan ere, hala nahi izanez gero, nahi dutenek herriko lekurik garrantzitsuenak bisitatu ahal izango dituzte, hala nola, Bizkaiko Zubia, Portu Zaharra, Kirol Portua bera, zein Areeta eta Algortako erdiguneak ere, erosketak egin edo aisialdiaz gozatzeko". Balmoral bidaiari-ontzia Fred Olsen enpresarena da eta 188 metroko luzera dauka. 1988an eraiki zuten Alemanian eta 738 kabina ditu. Iaz etorri zen lehen aldiz gure kostaldera eta aurten berriro itzuliko da, ekaina aldera. Argazkian, 2008ko urriaren bukaeran Algortako kaia bisitatu zuen Queen Elisabeth 2 itsasontziak, bere azken bidaian.