Emakumeek etxetik kanpo lanean jardutea "arazoa" dela uste du Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 20a, 19:51

Seme-alabak sortu edo umea adoptatu nahi duten familiei udal diru laguntzak ematea proposatu du Erandioko PPk. Hala ere, udalerriko saltokietan gaiak erostera mugatu beharko lirateke horiek, Javier Ruiz popularren tokiko bozeramaileak aipatu duenez. Bi helburu dauzka, beraz, Alderdi Popularraren proposamenak: batetik, seme-alabak izan nahi dituzten familiei laguntzea; eta bestetik, Erandioko txikizkako merkataritza suspertzea. Ruizen arabera, "gizartearen ongizaterako mehatxu bilaka daitezke populazioaren zahartzeak dauzkan eragin ekonomiko, sozial eta kulturalek". Ildo berean, lana eta familia bateragarri egiteko orduan, emakumea lan munduan sartzea "arazoak" eragiten ari dela adierazi du PPren eledunak. Ruizek 300 eta 1.500 euro arteko diru laguntzak ematea proposatu du, Erandioko jaiotza-tasa handitzeko. Argazkian, EAEn bezala, Erandion populazioa zahartuz doala dio PPk.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak laguntzak ematen dituela onartu arren, "jaiotza-tasa handitzen laguntzeko nahikoak ez" direla uste du Erandioko PPk. "Herritarrek bestelako laguntzak eskertuko dituzte. Gure aldetik, garrantzitsua deritzogu Udalak familiei laguntzeko neurriak hartzeari", gaineratu du Ruizek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun