Iragan larunbatean, hilaren 17an, goizaldeko 3:30ak aldera, Ertzaintzaren patruila bat Berangoko Sabino Arana kalean bertaratu zen, emakumezko bati eraso eta lapurtu egin ziotela jakinarazi baitzioten. Emakumeak azaldu zuenez, ustezko erasotzailea ordu batzuk lehenago ezagutu zuen Berangoko diskoteka baten inguruetan, gizonezkoa berarekin elkarrizketan hasi zenean. Denbora apur bat geroago, Ugeragako (Larrabasterra) ostalaritza lokal batera joan ziren autoz, eta, ondoren, autora igo ziren berriro, eta gizonak baztertutako eremu bateraino gidatu zuen. Bertan, emakumezkoa sexu harremanak izatera behartu eta jo egin zuen, Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Erasotzaileak emakumezkoari poltsa lapurtu zion eta andra bertan botata utzi zuen. Gertuko ibilgailu batean zeuden bidaiarien laguntzari esker, emakumezkoak Berangora itzultzea lortu zuen. Bertara heltzerakoan, eraso egin eta poltsa lapurtu zion gizona diskoteka batean sartzen ari zela ikusi zuen eta lokaleko zaindariei laguntza eskatu zien. Haiek gertakarien egilea atxiki eta Ertzaintza ohartarazi zuten. Poliziek Gurutzetako ospitalera eraman zuten biktima eta susmagarria atxilotu eta polizia egoitzara eraman zuten. Atxilotua, 27 urteko gizona, arratsalde horretan bertan jarri zuten epailearen esku eta, epaileak, Basauriko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen.
Beste eraso bat Plentzian
Iragan ostiral (hilak 16) arratsaldean, Ertzaintzak dei bat jaso zuen Gurutzetako ospitaletik, larrialdietarako zerbitzuan sexu erasoa jasan zuen emakume bat zegoela ohartaraziz. Osasun laguntza jaso ostean, biktima polizia egoitzara joan zen ertzainekin batera, salaketa aurkezteko. Dirudienez, goiz horretan, emakumezkoa Plentziara joan zen, bere ezaguna den gizon baten etxebizitzara. Herrizaingo Sailaren arabera, gizon horrekin sexu harremanak ei zituen noizbehinka. Ostiralean, mehatxatuz, irainduz eta indarkeria erabiliz, sexu harremanak izatera behartu zuen andra ustezko erazotzaileak. Salaketa aurkeztu bezain laster, Getxoko ertzain-etxeko agenteak gizonaren bila hasi ziren eta, atzo goizean, berau aurkitu eta atxilotu zuten, etxetik gertu. Atxilotua, 32 urtekoa, epailearen esku utzi zuten atzo eta, epaileak, Basauriko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen.