Gaur iluntzean, 60 bat lagunek egin dute elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan, Zigor Goikoetxea preso getxoztarraren askatasuna aldarrikatzeko. Bihar bertan epaiketa egingo diote Azkorriko mutilari, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak aurkeztu zuen Goikoetxearen aurkako
salaketa, San Lorentzo eguneko Algortako azokan, bere kontra irainak bota zituelakoan. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, baina, "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeran" kokatu du biharko epaiketa. "Euskal Herria zapaltzeko" asmoz, "alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten estrategiaren eraso berria" deritzote. Hala ere, oraingoan, "beste urrats bat" eman nahi dutela ohartarazi dute: "herritarrak isilarazi eta zigortzeko, egindako protestak eta esandako lemak kriminalizatu nahi dituzte, mehatxu eta irain modura interpretatuz, eta horien egileak kartzelara eraman", AAMk salatu duenez. Arruek berak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen du Goikoetxearentzat, eta PPk eta fiskalak sei urtetakoa.