Espainiako Auzitegi Nazionaletik irtetean, gaurkoa "konponduko den akats bat baino ez" dela adierazi du Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Gaineratu duenez, berriro bueltatuko dira Madrilera akusatua -Zigor Goikoetxea- epaitzera, bere hitzetan, "Euskadin normaltasuna nagusi izateko eta bertan askatasunez bizi ahal izateko borrokan" jarraituko dutelako "EAEko zein Espainia osoko popularrek". Egun "askatasunik ez" dagoela aipatu du Arruek. Ildo horretan, "kartzelan amaitzea" opa dio Goikoetxeari Getxoko PPren buruak; baita "bera bezala, mehatxuka eta jendeari erasoka doazen guztiei" ere. Gaineratu duenez, "erakunde horietako batean sartzea buruan duten morroientzat eredua izan dadila guzti hau; birritan pentsatu eta ikus dezatela bide horretatik ez dutela ezertxo ere lortuko".
Aurrekari bat markatu du
Alfontso Zenon abokatuak, ordea, "larritzat" jo du Zigor Goikoetxearen kontrako epaiketa, "dagoeneko aurrekari bat markatu duelako", bere ustez. "Gara" egunkariak egindako elkarrizketan azaldu duenez, haren kontra, sei eta hamar urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen dute. PPko zinegotzi bati mehatxu egitea leporatzen diote, nahiz eta bere kontra inolako frogarik ez duten, bakarrik zinegotzi horren hitza. "Kontu nahiko larria da, dagoeneko aurrekari bat markatu duelako. Orain PPko edozeinek Euskal Herriko gazte bat salatzen badu, automatikoki kartzelara joateko arriskua dauka. Bere hitzarekin bakarrik. Eta ez dute beste frogarik behar. Zuk ezetz, baina kartzelara. Horrek, ustezko demokrazia batean, ez luke inolaz ere horrela izan behar", azaldu duenez.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere oraingoan "beste urrats bat" eman nahi dutela uste du: “herritarrak isilarazi eta zigortzeko, egindako protestak eta esandako lemak kriminalizatu nahi dituzte, mehatxu eta irain modura interpretatuz, eta horien egileak kartzelara eraman”, AAMk salatu duenez.
Uribe Kostako AAMren adierazpena:
Eraso berria
Zigorren aurkako kasu hau alderdi politikoek, komunikabideek eta aparatu judizialek eskuz esku aurrera daramaten eraso berri bat da. Euskal Herria salbuespen egoeran aurkitzen da eta erasoak gero eta zabalagoak dira. Orain beste urrats eman dute, herritarrak isilarazi eta zigortzeko, egindako protestak eta esandako lemak mehatxu eta irain modura interpretatuz.
Errepresioaren jomugak ezartzen dituzten komunikabideak, gerra tribunalak, polizia torturatzaileak… denak balio du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko gurutzadan. Azoka batean politiko batzuen aurrean protesta egitea honelako jazarpenekin ordaintzen den egoera bortitza ezarri dute gure herrian, errepresioarekin itsuturik dauden gobernuek.
Deialdia egiten dugu eraso honi aurre egiteko, behin hortik abiatuta holako gertaerak zigor ez ditzaten!
Aski da!
Muntaia zapaltzailerik ez!
Zigor askatu!