Emakume bati egindako sexu erasoa salatuko dute bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 22a, 14:58

"Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egin! Erasorik ez erantzunik gabe!" lelopean kontzentrazioa egingo dute bihar, ostirala, Plentziako "Piruli"n. Piztu bitakorak zabaldu duenez, horretarako hitzordua arratsaldeko 20:00etan jarri dute Plentzia eta Gorlizko ezker abertzaleko kideek. Mobilizazio horren bidez, pasa den ostiralean, Plentzian emakume baten aurka egindako sexu erasoa salatu nahi dute: "ez gaude onartzeko prest, ez gaude zeuen erasoen zain, ez gara etxean geratuko! Ikasi dugulako, ikasten ari garelako hitz eta esku iraingarri eta zikinak gelditzen!". Herrizaingo sailak zabaldu zuenaren arabera, hilaren 16an, goizean, emakumezkoa Plentziara joan zen, bere ezaguna den gizon baten etxebizitzara. Bertan, mehatxatuz, irainduz eta indarkeria erabiliz, sexu harremanak izatera behartu zuen andra ustezko erasotzaileak. Emakumea Gurutzetako ospitaleko larrialdietarako zerbitzura jo zuen. Salaketa jaso ostean, Ertzaintzak gizonezkoaren bila jardun zuen eta ustezko erasotzailea atxilotu zuen pasa den astelehenean, 32 urteko plentziarra. Epaileak Basauriko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen. Argazkian, azaroaren 25eko elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun