Espainiako Gobernuari eskatutako dirua, haur eskolako lanetan eta Urko kirol gunean inbertituko du
Sopelako Udalak. Erabakia atzo, urtarrilak 20, egindako osoko bilkuran hartu zuten, Berdeek izan ezik -abstenitu ziren-, udal talde politiko guztiek aldeko botoa eman ostean. Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 2.145.000 euro egokitu zaizkio Sopelari. Diru laguntza hiru egitasmo burutzeko erabiliko da. Haur eskolaren lanek hartuko dute inbertsioaren zati bat. Hori Zaldu sektorean egongo da eta 0 eta 2 urte bitarteko 32 haurrentzat izango du tokia. Urko kirol guneko harrera zentroak hartuko du diru laguntzaren beste zati bat. Azkenik, kirol gune bereko futboleko aldagelak berritzeko eta handitzeko erabiliko da azken zatia. Argazkian, azaroan egindako ez ohiko osoko bilkura Sopelan.