Leioako Udalak Pinosoloko kiroldegia egiteko erabiliko du, Espainiako Gobernuari eskatutako diru laguntzaren zatirik handiena. Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 5 milioi euro inguru egokitu zaizkio udalerriari. Gauzak horrela, diru horren erdia baino gehiago, 2,7 milioi euro, aisialdi eta kirol gune berrira bideratuko dute tokiko agintariek. Eraikin berriak, besteak beste, estalperik gabeko hiru igerileku, solariuma, tenis eta padel pistak, korrikarako zirkuitua eta kafetegia izango ditu. Bitartean, Sarrienako futbol zelaietako harmailetan hobekuntzak egiteko, milioi bat euro zuzenduko dute. Gainera, ikasketa gelak ere jarriko dituzte bertan, entrenatzen dabiltzan kirolarientzat. Horretaz gain, Pinuetako Cervantes plaza birmoldatuko dute, estalpeko gune bat jarriz. Txorierrin, berriz, estolderia berriztatu dute, eta beste hainbat kale eta ezpaloi konponduko dituzte. EAJk eta Ezker Batuak osatzen duten udal gobernuaren proposamena begi onez ikusi dute PSE-EEk eta PPk. Argazkian, Leioako udaletxea.