Urtero legez, otsailaren 4ko Agate Deuna bezperan, kalez kale kantuka ibiltzera deitu ditu herritarrak
Sopelako Udalak, ohitura zahar hori galdu ez dadin. Gauzak horrela, animatzen direnek 180 euroko dirusaria jasoko dute, Sopela eta Larrabasterrako toki zehatz batzuetan abesteagatik. Gutxienez 10 lagunez osatuak egon beharko dira taldeak, guztiak sopeloztarrak eta berdin-berdin jantziak, gainera. Izan ere, taldeak janzkera propioa eduki beharko du. Horretaz gain, sei toki izango dituzte, halabeharrez agertzekoak. Horietako bi Urgitxeta plaza, 13:00etan edo 18:00etan; eta udaletxeko plaza, 14:00etan edo 19:00etan. Ibilbidea goizez edo arratsaldez egiteko aukera dago. Gainontzeko lekuei dagokienez, oraindik ez dituzte zehaztu. Inskribatzeko epea otsailaren 2an amaituko da, eta izena emateko udaletxera jo beharko da, arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara; edo 944 065 505 telefono zenbakira deitu. Argazkian, hainbat talde Agate Deuna bezperan abesten, eguerdian, Sopelako udaletxe aurrean.